GARA > Idatzia > > Kultura

Juan Mari Lekuonaren bizitza, obra eta nortasuna bildu dituzte liburu batean

p041_f01_088x120.jpg

GARA | GASTEIZ

Juan Mari Lekuona hurbiletik ezagutzeko aukera izango da haren omenez Euskaltzaindiak eta Oiartzungo Udalak argitaratu duten liburu bati esker. Atzo aurkeztu zuten «Juan Mari Lekuona hurbiletik (1927-2005)» izenburuarekin prestatutako omenaldi hau, idazlea zendu zenetik hirugarren urteurrena betetzear denean.

Omenaldi honek parte-hartzaile ugari bildu ditu Lekuonaren inguruan. Alde batetik, Xabier Lete, Andu Lertxundi eta Pello Esnal idazleak daude; bestalde, Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeko Jean Haritschelhar batzordeburua eta Ana Toledo euskaltzainak. Jon Kortazar eta Gorka Aulestia batzordekideak eta Lourdes Otaegi, batzordeko idazkari eta liburuaren edizioaren arduraduna dira, azkenik, parte-hartzaileen zerrenda osatzen dutenak.

Lekuko eta argazki bilduma

Lekuonaren bizitzari gainbegiratua egiteko bi bide hartu dituzte. Lehenik eta behin, euskal idazle ezagunen idatzizko lekukotasunak daude, eta, bestetik, senide eta lagunen eskuzabaltasunari esker osatutako argazki bilduma zabala. Lekuonaren ikerlana eta sorkuntza literarioaren azterketaz ez dira ahaztu, eta ikerketa batzordeko kideen lanek bete dute atal hori.

Liburuaren aurkezpenean argi azaldu dute zein den helburua. «Liburuak xede garbia du: idazle, irakasle eta literatura ikerlearen bizitzaren, nortasunaren eta obraren alderdi jakingarri zenbaiten hurbileko lekukotza jasotzea».

Omenaldia irekitzen du Xabier Lete poetak, bere herrikideari eskaini dion «Juan Mari Lekuona, maisu eta lagun» testuarekin. Ondoren, Gorka Aulestiaren «Juan Mari Lekuona gogoan» testuak hartu du lekukoa.

Liburuaren egitura edukiaren arabera antolatuta dago. «Lehen zatian nagusi dira egile oiartzuarraren alderdi biografikoak eta jendartekoak oroitzen dituzten lekukotzak; bigarrenean, aldiz, haren ikerketa eta sorkuntza literarioari eskainiriko idatziak bildu dira, eta beste dokumentu interesgarri batzuk ere erantsi zaizkio bigarren atal honi», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

Ez da kasualitatea izan Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordea izatea ekimenaren bultzatzailea, Juan Mari Lekuona berak proposatu baitzuen batzorde honen sorrera 1992. urtean. Helburua, literaturaren gaineko ikasketetan ziharduten irakasleen elkarlana sustatzea eta proiektu bateratuak garatzea zen, eta hala izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo