GARA > Idatzia > > Kultura

Joseba Sarrionandiaren beste harri-bitxi bat

2003. urtean argitaratu zuen «Kolosala izango da» eleberria eta atzo ezagutu genuen Joseba Sarrionandiaren azken lana. Planeta arrotz bateko pertsonaia batek kontatzen du «Gau ilunetakoak». Irakurleari posibilitate anitzeko atea irekitzen dion ipuin iradokitzailea da.
p042_f01_153x109.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Existitzen ote da bizitza inteligenterik gure planetatik kanpo? Zertarako argitu ikusi nahi ez dena? Galdera mordoa bururatzen zaizkio norberari «Gau ilunekoak» liburua irakurri bitartean, eta, ondoren ere bai. Joseba Sarrionandiak kontakizun guztiz iradokitzailea argitaratu berri du, aukera eta irakurketa ezberdinak eskaintzen dituena.

Liburua ipuin bat da, fikziozko istorio bat, haurrentzako ere balio lezakeena. Alde batetik, kontaketa fantastiko bat dago. Planeta arrotz bateko pertsonaia bat Baionako portuan galduta dago. Immigrante ilegala dela uste dute, espioia bestela. Epailearen aurrean bere nondik norakoak kontatu beharko ditu eta orduan ezagutuko dugu ilunpean bizi den planetaren historia eta izarretara argi bila joan zirenena.

Alegoria filosofikotzat ere har daiteke. Irakurtzen joan ahala, zalantzak sortzen dira. Gure inguruko errealitatearekin lotura handia du istorioak, eta ezin da jakin bizi garen planetaz ari den, ala beste batez. Aizpea Azkorbebeitia irakaslearen esanetan, idatzita dagoenaren eta ez dagoenaren arteko jolasean murgiltzen da Sarrionandia. «Idatzita dagoen moduan idatzita dagoelako tentatuko da irakurlea beste esanahi batzuen bila. Esaten ez duen hori oso esanguratsua bihurtzen da eta hor dago liburu honen mamia». Azkorbebeitiak «Hitzen ondoeza» saiakerako sarrerako hitzak ekarri zituen gogora. «Liburuko oskolak banan-banan apurtu beharko dira barrua errekistatzeko», hau da, «ipuina, intxaurra balitz bezala, oskol eta guzti jan dezakezu, edo buruari eragin eta oskola kentzen saiatu».

Marrazkien garrantzia

Joxe Mari Iturralde, idazle eta Sarrionandiaren lagunak, ipuinean zehar aurkitu daitezkeen zenbait konexio aipatu zituen. «Beste planeta bateko istorioarekin, Printze Txikia etor liteke gogora. Iluntasunarekin, baita Saramagoren itsu mundua ere edota Kafkaren absurdotasuna». Keinu literarioek deseroso sentiaraz dezaketela esan zuen Iturraldek eta uneoro beste mundu bati edo gureari buruz ari den galdetzera bultzatzen gaituela.

Liburuan garrantzi handia hartzen dute marrazkiek. Maite Gurrutxaga amezketarraren lanak freskotasuna ematen dio istorioari eta idazlearen asmo iradokitzailearen lagungarri bilakatzen da. Arkatzaren teknika erabili du eta itzalek hartzen dute protagonismoa. Argilunak erabiliz, pertsonaien desio, sentimendu eta borrokak transmititzen dituzte. Formatuan zabalak izateak, aukera eman omen dio pertsonaien itxaron beharra eta geldotasuna azaltzeko. Hasieran, marrazkien probak egiten hasi zenean, oso figuratiboak atera zitzaizkion baina atmosferikoagoetara jotzea erabaki zuen. «Autoreak irekita uzten du irudimenaren atea eta nik ez nuen hori marrazkiekin zapuztu nahi». Maite Gurrutxaga Bartzelonan bizi da eta ilustraziogintzan sakontzen dabil gaur egun. Lan hau egitea ohore handia izan dela onartu zuen. «Deitu nindutenean, 13 urterekin etxeko gauzen artean miaketan nenbilela, lehen aldiz Sarrionandiaren liburu bat topatu nueneko egunaz gogoratu nintzen».

Ziklikoa

Egirura aldetik, istorio ziklikoa da. Zenbait gauza errepikatu egiten dira ilunpean bizi den planetan. Zaharrek ez dute argi bila joan nahi, gazteek aurre egin eta alde egiten dute, gauzak baretu ahala haurren jakin-minak berriro nahasten ditu gauzak... Eta irakurlearekiko ere ziklikoa da. Iturralderen hitzetan, adibidez, «irakurtzea bukatu, eta berriro hasten zara, iradokitzen zaizkizun beste zentzu horien bila».

Azkorbebeitiaren esanetan, berriz, «liburua ez da bere baitan bukatzen. Buruan daramakizu eta norberak itxi behar du idazleak irekita utzi duena. Posibilitateak asko dira». Liburuaren formatua ere bereziki zaindua izan da. Ainhoa Lukasek egin du diseinua. Beltz koloreko azal batek, argia iradokitzen du leihotxo batetik. Iturraldek adierazi zuenez, «harri-bitxi baten aurrean gaude, zentzu guztietan».

IRADOKITZAILEA

Kontatzeko modua oso sinplea da, umeentzako modukoa. Baina, aldi berean, esaten duenaren eta ez duenaren arteko jokoa dago. Inplizitoa esanguratsu bihurtzen da, eta hor dago liburu honen mamia.

Fitxa

Titulua: `Gau ilunekoak´.

Egilea: Joseba

Sarrionandia.

Marrazkigilea: Maite Gurrutxaga.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 72.

Salneurria: 12,50 euro.

Fitxa

Titulua: `Gau ilunekoak´.

Egilea: Joseba Sarrionandia.

Marrazkigilea: Maite Gurrutxaga.

Argitaletxea: Elkar.

Orrialde kopurua: 72.

Salneurria: 12,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo