GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Korrika «Ongi etorri» lelopean egingo da Tuteratik Gasteizera

Korrikaren 16. edizioa Tuteratik abiatuko da martxoaren 26an eta, hamaika egunez, Euskal Herri osoan zehar zabalduko du euskararen aldeko mezua, apirilaren 5ean Gasteizera heldu bitartean. «Ongi etorri» da edizio honetako leloa eta honen bidez, euskaldundu nahi dutenei, euskalgintzan dabiltzanei, euskaltzaleei, bertokoei edota kanpokoei, «euskaraz bizi nahi dugunon herrira» ongietorria egin nahi diete.

p018_f02_199x108.jpg

Ruben PASCUAL |

Korrikaren 16. edizioa izango da datorren urtekoa. Martxoaren 26an irtengo da Tuteratik, eta apirilaren 5ean Gasteizera heldu bitartean, 2.000 kilometro baino gehiago egingo ditu.

Edizio honetako leloa «Ongi etorri» da eta, honen bitartez, Edurne Brouard Korrikaren arduradunak azaldu zuen moduan, euskaltzaleei, euskalgintzan dabiltzan guztiei, euskaldunei, euskaldundu nahi dutenei, euskararen berreskurapenean lagundu behar duten erakundeei, bertokoei edota kanpokoei, «euskaraz bizi nahi dugunon herrira» ongietorria egingo diete.

Bilbon eginiko agerraldian, AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko kideekin batera parte hartu zuten Mertxe Mujika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Edurne Brouardek berak. Azken honek azaldu zuen nortzuk diren edizio honetan Korrikak omenduko dituenak.

Omenduak

Horretarako, gogoan izan zituen urtez urte Euskal Herrira lan bila, bizimodu hobe baten bila edo bizi ahal izateko leku bila, besterik gabe, bertaratu izan diren makina bat familia. Horien artean euskara ikasi eta erabili duten guztiek, «euskal herritarron ongietorria ongi baino hobeto hartuz eta ulertuz», gure hizkuntzari egin dioten «ekarpen goraipagarria» azpimarratu zuen.

Bestalde, gogoratu zuen badirela familia asko Euskal Herritik kanpora joateagatik edota frankismo zein frantses estatuko lege jakobinoen eraginez euskara galdu dutenak. Horiei buruz, esan zuen «zorionez, horien artean badira euskara berreskuratzeko, euskara euren etxeetara itzul dadin, ahalegin aipagarria egin duten familiak ere».

«Bihoakie, beraz -biribildu zuen Brouardek- euskara ikasi eta gero transmisioa bermatu duten familia guztiei, baita euskara galdu eta berrikasiz transmisioa ahalbidetu duten familia guztiei ere, 16. Korrikaren omenaldi xumea».

Ondotik, Koordinakundearen ordezkariek Korrikaren aurtengo edizioak zabaldu nahi duen mezuaren berri eman zuten.

«Hizkuntza bat galtzeko arriskuan dagoenean, hizkuntza hori salbatzeko lehenengo baldintza berau dagoen herriak berreskuratu nahi izatea da», zioen mezuaren hasierak. Euskararen kasuari buruz, argitu zuten herriak «sarri» erakutsi izan duela euskara berreskuratzeko nahia.

Beraien aburuz, Korrika «borondate horren adierazpen grafikoa da». Hala ere, zehaztu zuten nahi izate hutsa ez dela nahikoa.

Horren harira, Euskal Herriko «norbanako, erakunde eta administrazio guztiei» Korrikan azaleratuko den nahi horri «kasu egiteko» eskatu zieten.

Antolatzaileek honelaxe azaldu zuten zein den AEKren nahia: «Erakunde eta administrazioek euskararen normalizazioa bultzatzea, euskaldunok leku guztietan euskara erabiltzea, eta euskaldundu nahi dutenek euskara ikastea nahi dugu».

Asmo hori gauzatu ahal izateko, guztiok horren alde egitea eta parte hartzea «derrigorrezkoa» dela ohartarazi zuten AEK-ko bozeramaileek, «lekukoa eror ez dadin, esku guztiak direlako beharrezko».

Arrazoi hori dela medio, Edurne Brouardek, Alfabetatze eta Euskalduntzerako Koordinakundearen izenean, jendarte guztiari eman zion ongietorria, «euskaraz gozatzeko, lan egiteko, maitatzeko, saltzeko eta erosteko, negar egiteko, jolasteko... hautua egin dugunon herrira».

Laguntza kanpaina

Korrikaren hamaika egunetan zehar, 2.000 esku horiek lekukoa eraman ahal izateko, AEK-k laguntza ekonomikoaren garrantzia nabarmendu, eta jada abian den «Korrika Laguntzaile» kanpainaren bidez laguntzeko dei egin zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo