Las Palmas dator Ipuruara
Sentsazioen kupoa beteta, emaitzen txanda heldu da
Azken hiru jardunaldiotan bi puntu lortu ondoren, Eibarrek garaipena behar du jaitsieratik urruntzeko.
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Eztabaidarik ez dago: Eibarrek azken asteotan eman duen itxura baikortasunari eusteko modukoa da. Sentsazio onak izan dituzte gorri-urdinek zelai gainean, baita jarraitzaileei transmititu ere.
Sentsazio onen kupoa beteta, garaipenen txanda heldu da, talde gipuzkoarrak, zoritxarrez, ez baitu bere joko ona emaitzetan islatu azken bolada honetan. Izan ere, bi puntu besterik ez ditu lortu azken hiru jardunaldiotan eta horrek sailkapenean duen egoera korapilatu du berriro ere. Bi puntukoa besterik ez da Eibarrek jaitsierako postuekiko duen aldea; eta gaur galduz gero, postu gorrietan izan liteke jardunaldia amaitu orduko.
Partida garrantzitsua da Ipuruakoa, beraz; are gehiago bigarren protagonista armaginen aurkari zuzena dela kontuan hartuta. Las Palmasek eibartarrek baino puntu bat gutxiago dauka, batez ere etxetik kanpo izan duen ibilbide makalaren ondoren. Juan Manuel Rodriguezen taldeak ez du oraindik bisitari bezala garaipenik lortu.
Datu horrek, Eibar Ipuruan erakusten ari den sendotasunarekin lotuz, baikortasunerako tarte bat zabaldu dezakeen arren, badago animoak hozteko moduko beste alderdirik. Izen propioa duten datuak, hain zuzen ere: Marcos Marquez. Las Palmaseko aurrelariak zortzi gol sartu ditu dagoeneko, Eibarko jokalari guztiek lortu duten kopuru bera.
Punteria eza da, izan ere, gorri-urdinen buruhauste nagusia. «Taldea ondo jokatzen ari da, sentsazio onak eskainiz, azken bi jardunaldiotan golik jaso gabe, eta aukerak sortzen, baina partidak irabazi behar ditugu eta horretarako beharrezkoa da golak sartzea. Eta hori da oraingoz falta zaiguna», onartu zuen atzo Carlos Pousok. Entrenatzailea, hala ere, itxaropentsu agertu zen, aurrelariak «oso ondo lan egiten ari baitira eta lasai baitaude. Benetan kezkagarria izango litzatekeena, aukerarik ez sortzea izango litzateke; baina sortzen ditugu, eta, beraz, golak ere helduko dira».
Pousok, bestetik, hamaikakoan hainbat aldaketa egongo dela aurreratu zuen. Ez zuen, ordea, izenik eskaini, baina badirudi Alvaro Martinez, Paco Sutil eta Gaizka Tokero izan daitezkeela taldera itzuliko direnak.
Larunbatean, Zaragozara
Bestalde, Eibarrek datorren jardunaldian Zaragozan jokatuko duen norgehiagoka larunbatera aurreratu dute. Azaroak 22an, beraz, arituko da talde gorri-urdina La Romaredan, 18.30etik aurrera.