Maiatz argitaletxeak itzulpen bat eta bi olerki bilduma argitaratu ditu
Ainize BUTRON | BAIONA
Maiatz argitaletxeak bere urteko uztaren berri eman zuen atzo. Peio Jorajuria «Herria» astekariko kazetariaren «Uzkinazo luma» eta Maryse Liciaga kanboarraren «Topaketak» olerki bildumek eta, «Roman du Renard» frantses liburuari Mixel Thikoipek egindako euskarazko itzulpena, «Gorrail azeria», izan ziren atzokoan aurkeztu zituzten lan berriak.
«Gorrail azeria» hamar urtetik gorako haurrei begira idatzitako lana da, eta frantses literaturako obra klasikoetako bat da.
Erdi aroan idatzia, «Renard» deituriko azeri ospetsuari gertatu zitzaion istorio zenbait kondatzen ditu.
Orotara, liburuak hamar bat ipuin biltzen ditu. «Haurtzaroko nire lehen irakurketa izan da liburu hori. Asko maitatu nuen orduan eta, euskaratzearen lan hori egitea gogoko izan dut. Erdi Aroko ipuinak dira baina, gaurko gizarteari egokitu daitezke», erran zuen itzultzaileak.
Peio Jorajuria «Herria» astekarian kazetaria da. Prosaz edo bertsoz egindako olerkiak bildu ditu «Uzkinazo luma» liburuan. «Biziari loturiko hainbat gai aipatzen ditu liburuan, esate baterako, haurtzaroa, dramak edo natura. Kazetari gisa, olerkietan munduaren gainean duen ikuspegia azaltzen du. Prentsa artikuluak direla erran daiteke», esan zuen Lucien Etxezaharreta Maiatz argitaletxeko arduradunak.
«Topaketak»
«Topaketak» bilduman, berriz, Maryse Liciagak barne pasioak, intuizioak edo sentimenduak azaltzen ditu.
Liburua lantzeko Japoniako olerki batean bilduriko esaldi batetik abiatu zela argitu zuen. «`Ichi go ichi e', japonieraz, `topaketa paregabe bat bizitza batean' esaldiarekin itzul daiteke euskarara. Olerki horretan esaldia tearen zeremonia batentzat baliatua da», azaldu zuen idazleak.
«Topaketa» hitz hori hartu du abiaburutzat, beraz, olerkiak idazteko, «bi urtez egindako topaketak hitz bati lotu ditut, eta testuak idazten aritu naiz», azpimarratu zuen azkenik Liciagak.