Joseba Felix Tobar-Arbulu Ingeniaria
Klase borroka globala
Aro berri baten aurrean egon gaitezke. Bi aukera besterik ez daude: oligarkia finantzarioa nonahi ala beste ekonomia mota bat martxan jartzea
Zutik dirau industriaren eta finantzaren arteko borrokak. Borroka horrek zenbat eta lan-indarrari errenta gehiago gutxitu orduan eta gehiago itotzen du kontsumo-ondasunen merkatua.
Baina zorrek finantzaturiko burbuilek ezin dute urte asko iraun, nahiz eta akzio-prezioko inflazio batek beraiek elikatu. Kasu, behin etxegintzak eta hipotekek puztutako burbuila lehertuta, jolasa bukatu da. Jolasa bukatu da, ez soilik AEBetako ekonomiarentzat, baizik eta atzerritar ekonomientzat ere, zeintzuek beren barneko industri produkzioa AEBetako merkatua zerbitzatzeko erabili duten, ez beren merkatuak elikatzeko. Oraingo mehatxua industri atzeraldi globalari dagokio, eta segituko du harik eta atzerritar barne merkatuak bertako industriak elikatzen jarri arte.
Lanean ari den dinamika ulertzeko, ordainketa balantzari begiratu behar zaio -ez merkataritzaren beraren balantzari, baizik eta azken bi hamarkadetan truke tasak menperatu dituzten moneta espekulazioari eta nazioarteko diru mailegatzeari (http://www.counterpunch.org/hudson10272008.html)-.
Truke tasek ez dute gehiagorik islatzen alokairu erlatiboen mailak, «erosteko ahalmenak» edo bizitza kostuak iraganean egin zuten moduan. Egun, nazioarteko mailegatzearen fluxua islatzen dute, non interes tasak baxuak diren eta gero, kreditua tinkoa den guneetan, tasa garestiago batean mailegatu egiten diren. Modu horretan, ordainketa eta moneta balioen balantza «industrializatu ondokoa» izan da, barneko ekonomiak eurak izan diren modura. Barneko merkatuetan industria hazkundea babestu eta sustatu barik, gobernuak, munduan zehar, «aberastasun sormeneko» finantza estrategia «industri ondokoari» eutsi diote. Enpresa txikiak deuseztatu dira bankuek kreditua luzatu ez dietelako, atzerritar espekulatzaileek kreditu merkeak eta errazak jasotzen zituzten bitartean. Horixe izan da kapitalismo industrialaren eta finantza kapitalismoaren arteko etengabeko borroka.
Bankuak salbatzen dira, ez AEBetako industria, ezta AEBetako langilea edota kontsumitzailea ere. Enplegua areagotu barik (gobernuak industrian, azpiegituretan eta zerbitzu sozialetan inbertitu gabe), AEBetako Altxor Publikoak eta Fed-ek bankuei dirua hornitzen diete, AEBetako finantza sistema bermatzeko.
Ekonomialari batzuek (Zerlenga, Hudson...) salatu dutenez, sektorerik aberatsenei (gaur egunean sektore finantzarioari) dirua emateko politikak aberastasunaren kontzentrazioa dakar, besterik ez. Egungo finantza erreskateko jarduerak ezin du luzaro bizi, ekonomia «erreala» itotzen den bitartean.
Hona hemen Hudson-ek dioena (http://www.counterpunch. org/hudson10272008.html):
a) Mundua aldaketa ideologiko baten aurrean egon daiteke.
b) Europako oligarkiak ikusi nahi duen azken gauza lan-indarraren maila altuago bat da; gauza bera gertatzen zaio AEBetako klase finantzarioari.
c) Europa eta Asiak beren fedea jarri dute AEBetako kontsumo merkatuan, ez beren merkatuan.
d) AEBetako finantza sektoreak aurreko jarrera liluragarritzat jo zuen kontsumoa zorren bidez finantzatu zen artean, eta ez diru gehiago irabazten zuten edo zerga gutxiago ordaintzen zuten langileen bidez.
e) Munduan zehar, politikariak eta industri gizonak hain gogor egon dira lan-indarraren aurka ezen itxaropen gutxi dago bizitza estandarrak altxatzeko, alokairu maila altuagoen bitartez; edota lan-indarretik eta industriatik zergapetzea jabegora igarotzea, non zerga politika progresiboak erabili ohi baitziren.
f) «Ekitate maileguek» zor hondarra utzi dute, zeina orain ekitate negatibo bilakatu den, oraindik berrordaindu behar diren maileguekin. Horrek gutxiago utziko du kontsumorako.
g) Hortaz, AEBetako kontsumo gastua gutxituko da zeren (1) ez baita egongo hipoteka erraz gehiagorik, ezta kreditu-txarteleko krediturik ere; (2) kontsumitzaileek iraganeko maileguak berrordaintzen duten heinean, zor-deflazioa agertuko baita; eta (3) enpresen itxierak eta lanpostuak galtzeak alokairu errenta gutxitzera baitaramate.
Kontsumitzaileen gastu txikiagoak esan nahi du AEBetako eta atzerritar fabrikatzaileen salmenta gutxiago -batez ere dolarraren kontra moneta handitzen den herrialdeetan, Japonian kasu-. Salmenta txikiagoak irabazi txikiagoa esan nahi du; hortaz, salgaien prezio baxuagoak. Salgaien merkatuan, prezio/irabazi ratioak gutxitzen dira burtsa merkatuko espekulazioa bultzatu zuen kreditua mozten den heinean. Hortaz, prezio/irabazi ratioen eta irabazien gutxitzeek esan nahi dute gutxiago dagoela denominadorean (irabaziak) prezioetan biderkatuak izateko (kapitalizatutako irabaziak indarrean dauden interes tasan).
Atzerritar esportatzaileak AEBetako eskariaz jakitun izaten direnean, noiz ariko dira Europa eta Asia beren barneko kontsumo merkatuei begira produzitzen, alternatiba gisa?
Lehen arazoa hauxe da: Chicagoko eskolak doktrinatuak izan diren banku zentraletako nagusien ideologia gainditzea. Jakina denez, Chicagoko eskolakoak lan-indarraren (eta are industriaren) kontrako borroka finantzarioan ari dira. Hortaz, banku zentraleko nagusiek beren lan-indarraren aurkako ideologia neoliberala baztertu behar dute eta ohartu behar dute, ongi hazitako barneko merkaturik ezean, beraien guneetako industria enpresak desagertuko direla.
Irtenbidea sektore politiko berri batetik etor daiteke, lan-indarraren interesak (eta are industriaren interesak) islatuko dituen politika berri batetik, zeren barneko merkatuak berpiztu behar baitira.
Aro berri baten aurrean egon gaitezke. Bi aukera besterik ez daude: oligarkia finantzarioa nonahi, ala beste ekonomia mota bat martxan jartzea. Zein aterako da garaile?
Politikak du hitza.