Abbasek Hamaseko hamazazpi kide atxilotu ditu Olmertengana joan aurretik
Israelek ez die jaramonik egin nazioartetik iritsi zaizkion eskariei eta Gaza erabat itxita dauka oraindik. Gainera, hegazkin batek miliziano bat hil zuen atzo goizean. Bihar Abbas presidentea Ehud Olmert Israelgo lehen ministroarekin elkartuko da «Gazari buruz hitz egiteko».
GARA |
Ehud Olmert Israelgo lehen ministroa eta Mahmud Abbas PAN Palestinar Aginteko presidentea bihar Jerusalem hirian elkartzekotan dira. Hedabide nagusiek zabaldu duten informazioaren arabera, «Gazako su-etenaren amaiera aztertzeko» egingo dute bilera. Absurdua dirudi Gazako kontuei buruz hitz egiteko lurralde horretan inongo ahalmenik eta indarrik ez duen Abbasekin elkartzea, baina horixe egingo du Olmertek.
Bilerarako giro egokia prestatzeko edo, atzo Israelgo Armadako piloturik gabeko hegazkin batek jaurtitako bonba batek Abdallah Hassan Manayia milizianoa hil zuen, Nasser Salah Eddine brigadetako kidea, The Palestinian Information Center agentziak jakinarazi zuenez. Hamas mugimendu islamistaren inguruko agentziak, bestalde, Israelek Zisjordanian kolonia gehiago eraikitzeko baimena eman duela salatu zuen atzo.
Atxilotuak Zisjordanian
Abbasen Gobernua ere su-etena apurtzeko ahaleginean ari dela dirudi. The Palestinian Information Center agentziak berak jakinarazi duenez, atzo PANeko segurtasun indarrek Hamas mugimenduko hamazazpi kide atxilotu zituzten Zisjordanian.
Egiptoren bitartekari lanari esker joan den ekainean adostutako su-etena hiltzear dago, erabat hilda dagoela ez esateagatik. Gazatik Egiptora doan tunel bat suntsitzeko aitzakiarekin okupatzaileek egindako aire eraso batek sei miliziano hil zituen orain aste eta erdi. Geroztik eraso ugari izan dira bi aldeetatik, baina betiko oreka faltarekin: israeldarrek gerra hegazkin modernoenak erabiltzen dituzte, eta palestinar erresistentziakoek beraiek ezkutuan garatutako Al Qassam suziriak. Hamaika hildako palestinarren artean, eta makina bat zauritu. Beste aldean, Israelgo iturri ofizialen arabera, erresistentziak jaurtitako ehun suziriek ez dute hildakorik eragin.
The Palestinian Information Center-en arabera, ordea, joan den ostiralean Gazatik jaurtitako kohete batek hogeita hiru zauritu eragin zituen, eta horietako hemezortzi erietxera eraman beharra izan zuten. Webgune islamistak eskaintzen dituen irudietan Ehud Barak Defentsa ministroa ageri da: suziri batek eragindako kalteak bertatik bertara ikusi ondoren, oso goibel dago lehen ministro ohia.
Hamasek jakinarazi duenez, Israelgo Armadak egin dituen erasoek eragin dituzte Al Qassam koheteen jaurtiketa. «Legezko jarduera da, eta erabat normala», adierazi du Fawzi Barhoum eledunak. Al Qassam brigadek ere zilegitzat jo dituzte koheteen jaurtiketak, erresistentziako mugimendu armatuko webgunearen arabera.
Irailaren 16an elkartu ziren azken aldiz Olmert Israelgo lehen ministroa eta Abbas Palestinar Aginteko presidentea. Orduan esaten zen AEBak presio handia egiten ari zirela bake akordioren bat adosteko.