GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Kaledonia Berria Munduko Kopan bada, EH zergatik ez?

Euskal Herriko txokoetan -gastronomiko zein bestelakoetan- aspaldian ez ikusitako jakin-mina, arreta, eztabaida gogoa sumatzen zen aste honetan. Noski, inkesta partikular honen fidagarritasuna ez da erabatekoa, baina ingurutik datorren usainari bereziki sentibera naizela lotsarik gabe aitortuko dizuet.

Aspaldi, itsasoa zakar dabil gure herri honetan. Lanbro giroan, denbora gehiegi daramagu, zeuk eta neuk, elkarri begira: «hau noiz arraio aldatuko den?» galdera ezpaletan itsatsita.

Finean, blokeo sentsazioak nahi genukeen baino lur gehiago hartu digu denoi. Agian, tunelean distantzia neurtzeko gaitasuna zerbait galtzen dugulako.

Izan ere, azken egunotan erritmoa trukatzea, posiblea izateaz gain, onuragarri ere izan daitekeela frogatzera datozen pare bat ezusteko izan dugu.

Politika arloan ez atzera ez aurrera genbiltzan honetan, itsasoa harrotu zaigu. Ekaitza perfektuaz urrun izanda ere, EAJrekin elkarbizitza ituna eteteko EAk hartu duen erabakiak, gutxienez, aspertzeko sentsazioa puskatzeko balio izan du.

Iruñean zein Gasteizen, interesaren araberako ezkontzak krisian sartu direla pentsatzeko arrazoiak badira. Horrek zeuk, neuk... tira, guretako askok nahi genukeen aldaketara hurbiltzen gaituela esateko goiz bada ere, aipatzen nizuen inguru mugatu baina askotariko horretan irriño bat sumatu dut. Besterik ez...

Izan ere, ilusiozko mirailak saltzeko garaiak ez dira hauek; bai, ordea, aurpegi ezberdinak dituen krisiari buru eginez, aldaketa sakona ahalbidetzeko engaiamenduak hartzeko tenorea.

Kirol arloan, konpromisoa hartzeko beharra gardentasun osoz azaldu da. 165 futbolarik iragarri dute Euskal Herria izenarekin jokatu nahi dutela nazioarteko txapelketa ofizialetan. Hordago hutsala? Manipulazioa?

Ez bata ez bestea, euskal gizartean «ea noiz arraio aldatzen den hau» esaldiak islatzen duen sentipena batzuk nahi luketen baino errotuago dagoen adierazle esanguratsua baizik.

Kaledonia Berriak -autodeterminazioaren bidean trantsizioko autonomia estatutu zabala hitzartu duen herriak- 2010ean Hegoafrikan egitekoa den Mundu Koparako sailkapen fasean parte hartu du azken udaran. Ilusio faltsua al da EH mundu mailako lehiaketetan ikustea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo