GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Belarrien Kongoko luzapena

Bi mila eta zortzian gara, jaungoikoa jaio zenetik kontatzen hasita, jakina. Amen. Azaroaren hamabostean. Washingtongo Eraikuntza Nazio Museoko komunen aurreko pasilo luzearen bazterretan agintari ugari dira hizketan, nor bere aldetik, elkarrengandik urrun, sateliteak bailiren, bakarka, keinuka, aginduka, eskuko telefonoa eskuan. G-20ko goi-bilera gorenean txiza egiteko atsedenaldian dira. Dagoeneko gehienak pasatuak dira komunetik, batzuek komuneko eragiketetan ere eskuko telefonoa belarritik askatu ez badute ere, belarriaren berezko luzapena balute bezala, ondo-ondoko mandatariak dezente zipriztinduta utzi arren. Pasiloaren beste muturreko mahai itzelean kafea eta pastak dituzte eskura goi-buruok, transgenikoak jakina - goi-buruok ez, pastak!- eta mahaiaren ondoan morroi bat kebash prestatzen. Hogei buru handi bildu dira hor, kontuak atera zenbat buruhandi diren bertan! Eta zenbat buruhauste handik kanpo! Bada batzoki horretara biltzeko txartela azkeneko minutuan lortua duenik, loterian. Kapitalismoa birfundatu nahi omen dute; hobeto fundituko balute fundatu baino! Urtu eta kito. Seguruenik, horrexegatik aukeratu dute Eraikuntza Museoa egunotan batzoki, euren jauregiaren finantza-zutabeak berreraikitzeko. Lastima planetako tektonikaren plakak sasoi honetan indarge direla! Ez lurrikara arrastorik, ez urakan arrastorik ere, gehien behar duzunean naturak ez du batere laguntzen, demontre! Bi mila eta zortzian segitzen dugu, jaungoikoa jaio zenetik kontatzen hasita. Amen, berriro. Abenduaren hogeita hiruan, asteartez. Iluntzean sartu berri gara. Futbolaren katedraleko berdeguneko eskuin aldean Irango jokalariak dira, zelaian barreiatuta, nor bere aldetik, elkarrengandik urrun, sateliteak bailiren, bakarka, keinuka, eskuko telefonoa eskuan. Zelaiko ezkerraldea hutsik da, jokalaririk ez, arbitroak hogei minutu direla partidari hasiera eman badio ere. Harmailetako goi-txokoan mandatariak txaloka ari dira partida segitzen, Euskadika, eskuko telefonoa belarritik askatu gabe. Azkenean ezko gehiago izango dute trastean belarrian baino. Bi mila eta zortzian. Edozein unetan. Kongo ibaiari odola dario. Borroka latzean. Madarikatuak hango lurrak! koltan minerala dutelako. Ezinbestekoa bera eskuko telefonoetan. Ezinbestekoa batzuen belarrietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo