Hallazgos
Antonio ALVAREZ-SOLIS
Periodista
Elgoibarko plazan herri-kirol jaialdi berezia izan zuten atzo. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako bi «indartsu» nor baino nor aritu ziren kirolari euskaldunekin National Geographic telebista kate entzutetsuarentzat saio bat grabatzen. Halakorik egunero ikusten ez denez, sekulako jendetza bildu zen Gipuzkoako herrian jaialdia bertatik bertara jarraitzeko.
Telebista saioak «Superhuman» izena du eta Texas aldetik etorritako bi morroskoak -bi metroko garaiera eta 100 kilotik gora izango dituzte- Paul eta Craig Pumphrey anaiak dira. Indartsu profesionalak direla esan daiteke. Borroka librean arituak, arte martzialetan hainbat sari irabazi izan dituzte eta beren ikuskizunetan eskuarekin adreiluak eta antzekoak apurtzen aritzen dira. Munduan zehar leku ezberdinetako kiroletan aritu ostean, egun batzuk emango dituzte Euskal Herrian bertako kiroletan saiakera egin, eta kirolok ezagutzera emateko. Segan ere aritzekotan dira, Tomas Aldasororekin, Zaldibian, baita arraunean ere Urdaibairekin, Bermeon.
Elgoibarren bost probatan saiatuz neurtu zituzten indarrak euskaldunek eta amerikarrek: aizkoran, harri-jasotzen, trontzan, txingetan eta korrika. Aurrez, beste erakustaldi batzuk egin zituzten: lasto-altxatzen, ingudearekin edota gurdi-eramaten, esaterako.
Pumphrey anaiak harrituta geratu ziren euskaldunen indar-erakustaldiarekin. Aizkoran Bihurri, Agite eta Zelai izan zituzten irakasle; eta harri-jasotzen, berriz, Joseba Ostolaza. Indarra sobera duten arren, argi geratu zen herri-kiroletan teknika behar-beharrezkoa dela lan txukuna egiteko. Hala ere, umore onarekin hartu zuten bisitariek beraien ezina eta jendearen irribarrea.