GARA > Idatzia > > Kultura

Hendaiako Txotxongilo Egunak karriketan ere izanen dira hemeretzigarren edizioan

Txotxongiloek hartu dituzte Hendaiako karrikak eta, heldu den larunbatera arte, era guztietako ikusleak erakartzen saiatuko dira. Hori da Akelarre elkarteak XIX. ediziorako finkatutako helburuetako bat, ikusgarrien hedapena areagotzea. Aste osoan haurrentzako bost emanaldi eskainiko dituzte eta, ikusleen presentzia handitzeko, ikastetxe eta ikastolekin elkarlanean jardun dute antolatzaileek. Larunbatean eginen dute karrikako ikuskizuna, Beltzenia ondoan.

 

Idoia ERASO | HENDAIA

Hendaiako Akelarre elkarteak antolatzen dituen Euskarazko Txotxongilo Egunak izanen dira hurrengo larunbata arte, eta horren harira, haurrei zuzendutako bost emanaldi eskainiko dira astebetean Hendaiako Variétés aretoan. Hemeretzigarren edizio honetan, antolatzaileek ikusgarrien hedapena handitu nahi dute, eta horretarako bi ekimen jarri dituzte abian. Alde batetik, emanaldi bat karrikan eginen dute, oinezko guztiek ikus dezaten. Bestalde, ikasleen presentzia handitzeko, ikastetxe eta ikastolekin elkarlanean arituko dira. Hala, ikusgarri horietara 1.000 ikasle eta 120 heldu inguratuko dira txotxongiloen joan-etorriez gozatzera.

Txano Gorritxoren amona

Gaur, 11.00etan, «Zergatik bizi da basoan Txano Gorritxoren amona?» lana izanen da ikusgai. Irakurtzen dituen ipuinekin ados ez dagoen Xabiren gorabeherak azaltzen ditu bertan Txotxongilo taldeak.

Heldu den larunbatean izanen da karrikako ikuskizuna, Beltzenia frontoiaren ondoan dagoen zubian, hain zuzen ere. Bertan, Begonia Baena txotxongiloa taldeak «Ikuskizunak» antzezlana eskainiko du arratsaldeko lauretan. Astean zehar ikasleentzako hiru ikuskizun eskainiko dira. Astelehen eta asteartean Bihar taldeak txikienentzako sortu bi antzezlan eskainiko ditu: «Lagunekin baratzean» eta «Edabe magikoa». Baratzean diren pertsonaien bitartez gaur egungo neska-mutilek elkarren arteko harremanetan izan ditzaketen hainbat arazo aurkezten ditu txotxongiloen bitartez. Ostegun eta ostiralean Antzezkizuna Giñol taldeak «Toni La Sal: birusak erasoan!!!» ikuskizuna eskainiko du eskolentzat.

HAUR ETA HELDU

Astean zehar ikasleentzako hiru ikuskizun eskainiko dituzte, eta heldu den larunbatean izanen da karrikako ikuskizuna, Beltzenia frontoiaren ondoko zubian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo