«Hirekin mundura» lelopean mundura ireki da Zurriola Ikastola
Atzo aurkeztu zituzten Donostian, Kilometroak 2009 jaiaren logoa eta leloa. Pertsonaia ospetsuen artean poliki-poliki errebelatu zuten «Hirekin mundura» leloaren alboan, eguzki bikaina eta itsasoko olatuak ageri dira. Ondoren, ikastolako guraso, ikasle eta irakasleen artean datorren urterako arropa sorta erakutsi zuten oholtza gainean. Dantza, musika eta barre egiteko aukera izan ziren Iban Garate eta Oihana Maritorena aktoreek aurkeztu zuten saioan.
Janire ARRONDO |
«Hirekin mundura», horixe izango da 2009ko Kilometroak jaiaren leloa. Datorren urteko jaiaren antolaketan dabil dagoeneko Donostiako Zurriola Ikastola, eta atzo iluntzean aurkeztu zituzten, Victoria Eugenia antzokian, jaiaren leloa eta logoa. Bertan erakutsi zituzten baita ere, urtean zehar txoko ugaritan salgai jarriko dituzten jantzi eta apaingarriak.
«Munduari eskaintzeko eta bertatik jasotzeko gauza ugari dugula-eta, zatozte gurekin» adierazi zuten antolatzaileek. Argitu zutenez, «ekimen ugari antolatuko ditugu urte honetan zehar, guztiak, Donostiak merezi dituen neurrikoak». Ezustekoak ere ugari izan ziren Iban Garate eta Oihana Maritorena aktoreen gidaritzapean egin zuten ekitaldian. Ikastolako umeen eta irakasle ohi baten ahotik entzun ahal izan zuten bertaratuek 1968ko Zurriola Ikastolaren sorrera eta handik gerokoak.
Ondoren, hainbat eta hainbat pertsonaia ezagun igo ziren oholtza gainera, eta hala joan ziren leloa osatzen zuten hitzak errebelatzen. Tartean ziren Juan Mari Arzak sukaldaria, Pedro Miguel Etxenike zientzialaria, Naroa Agirre kirolaria, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak, Bernard Hopkins eta Carlos Andrade Bruesako jokalariak, Gorka Elustondo Realeko jokalaria, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, Kontxu Odriozola aktorea, Juan Mari Irigoien poeta eta Richard Oribe atleta paralinpikoa.
Bestalde, ikastolako guraso, ikasle eta irakasleek dotore erakutsi zituzten Kilometroak 2009ko arropa sorta. Musika eta dantzarako ere izan zen lekurik atzokoan. Giroa alaitzen, berriz, bertako ikusleen artetik aritu ziren «Wazemank» telebista saioko `atsuak' ere.
Ikastolako irakasle, ikasle zein gurasoek dotore erakutsi zituzten oholtza gainean, dantza eta musika artean, Kilometroak 2009 jaiko leloa eta logoa daraman arropa sorta.