Top 14
Finalerdietako ametsa gero eta gertuago du Avironek
Zuri-urdinek norgehiagoka ona egin zuten. Lehen hogei minutuetan jada 0-10 aurreratu ziren, eta gerora ere aldeari eusteko modua egin zuten.
Jon LEUNDA | BAIONA
Behin bidea irekita, bertatik jarraitzea izaten da onena, eta horixe egin du Aviron Baionakoak. Orain dela bi aste zuri-urdinek etxetik kanpo irabazi zuten eta atzo gauza bera egin zuten Bourgoinen, eta joko bera eginda, gainera. Zuri-urdinek azkeneko bi jardunaldiak Jean Dauguerretik kanpo jokatu dituzte, eta 8 puntu batu dituzte; bi garaipen, alegia.
Norgehiagoka ez zen eder horietakoa izan, baina lapurtarrak sekulako konfiantza dute. Guztiek dakite zer egin behar duten, eta horixe egin zuten atzo ere. Hutsik ia batere ez, ez aurrean eta ez atzean; hala, gaur egun beraiei irabaztea oso zaila izango da, bada, edozein talderentzat.
Partidari hasiera oso ona eman zioten, eta 20. minuturako 0-10 aurretik ziren euskaldunak. Hasteko, Edmondsek zigor bat ederki aprobetxatu zuen zuri-urdinak aitzinetik jartzeko, eta handik minutu gutxira Bolavucuk entsegua egin zuen, eta ostikoarekin ere asmatu egin zuen Edmondsek, eta alde nabarmena egin zuten.
Hortik aurrera, ordea, pauso bat atzera egin zuten euskaldunek, eta etxekoak goian presioa egiten hasi ziren. Horrek bere ondorioak ekarri zituen, eta etxeko taldeak bi zigor gauzatu zituen. Ondorioz, 6-10ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia hasi eta berehala Edmondsek aldea handitu zuen zigor bat gauzatu ostean, baina etxeko taldeak bizkor eman zien erantzuna, eta, atzera, aldeak murriztu egin zituzten. Hortik eta amaierara Bourgoin saiatu zen, baina Baionako taldeak bere eginbeharrak ederki egin zituen, eta aurkariari ez zion inongo aukerarik eman. Amaieran beste lau puntu batu zituzten lapurtarrek.