GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Ander Erasunek ez du barkatu eta herrialdeko txapela bereganatu du

J.L. | DONOSTIA

Ander Erasunek tinko jarraitzen du goi mailarako bidean, eta herenegun arratsaldean Nafarroako Bigarren Mailako txapela jantzi zuen Donezteben. Berarekin batera, Kañamaresek ere lortu du datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela. 18 urteko gazte honek, aurten Euskal Herriko Hirugarren Mailakoa eta Nafarroako Bigarren Mailakoa bereganatu ditu.

Doneztebeko pilotalekuan 400 ikusle inguru batu ziren, eta faboritoak ez zuen hutsik egin, nahiz eta gorabehera batzuk izan zituen. Hala ere, Kañamares eta Erdozia ere nahiko gertu izan zituen, eta lehia dotorea eskaini zuten finalistek. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oin-biko bat erdibitu behar izan zituzten.

Nafarroako Bigarren Mailako trontzalarien finala ere jokatu zen Donezteben, eta amaieran Lesagak eta Galarregik jantzi zuten txapela. Ez zen aparteko demarik izan hiru finalisten artean, txapela jantzi zuen bikoak aise lortu baitzuen garaipena. Bikote bakoitzak, 45 ontzako enborrari 10 epai eman zizkion etzanda, eta beste lau zutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo