GARA > Idatzia > Kirolak > Alaves

Bolada txarra Jerezen amaitu nahian

Galdutako sendotasun eta lasaitasunaren bila, urrutira

Atzealdean azkenaldian erakutsitako gabeziei amaiera eman nahian, hiru zentralekin jokatuko du Alavesek.

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Etxean aspaldi ohi zuen sendotasuna galdu ostean, urrutira, Jerezeraino joatea egokitu zaio Alavesi lasaitasun bila. Elxeko taldearen eta Sevillako Atleticoren aurka -sailkapeneko azkenak- gol gehiegi jaso ostean, gorantz begira dagoen Jerezen aurka eskuratu nahi dute Salmeronenek taularen erdian mantenduko dituen garaipena.

Mendizorrotzatik urrun kamuts azaldu da orain arte talde babazorroa eta, etxean ere indarra galtzen ari denez, zelai erdiko hutsuneak direla-eta defentsan erakutsitako gabezia estaltzeko asmoz, Alaveseko entrenatzaileak, denboraldian aurrenekoz, sistema aldatuko du Chapinera egingo duten bisitan.

Bigarren mailan golik gehien jaso duen taldea da gasteiztarra, orotara 19 gol jaso ditu, bost, azken bi partidetan. Zulo hori nolabait estaltzeko hiru zentralekin arituko da Alaves Jerezen. Iragan asteburuan partida negargarria egin zuen Almiron minduta dagoenez, Mateo, Cesar eta normalean ezker hegaletik aritzen den Edu Albacar izango dira erdiko atzelari postuan, kataluniarrak bete ohi duen lekua Raul Llorenterentzat utziz.

Euskarri bakarra

Historikoki taldeak zuloa ezker hegalean izan duen arren, malefizioa euskarrira pasa dela ematen du, izan ere, Albacar eta Llorenterekin atzealdeko hegal hori ondo beteta dagoen arren, lesioak euskarrian pilatzen ari dira, eta, partida honetan, Salmeronek ez dauka Astudillo hasieratik jokatzeko. Zorionez, lesionatuta uste baino denbora gutxixeago eman eta gero, Cabrera deialdian sartzeko moduan egon da, baina 90 minutuak jokatzeak gehiegizkoa dirudi, lehendik ere erritmo gutxirekin baitzen madrildarra.

Atzetik erdiko hiru atzelari izanda, Astudillo izango da taldeari oreka ematen saiatuko den jokalaria -Garitano eta Emiliok jokatu ezinda jarraitzen dute- erasokorragoa dirudien Marc Pedrazak ere lan horretan lagundu beharko dion arren.

Hamaikakoan Salmeronek duen zalantza bakarra eskuin hegalean dago, iragan astean bere lehen gola sartu zuen Cuevasen eta Morenoren artean. Sevilla Atleticoren aurka bizkaitarra txukun aritu zen arren, badirudi andaluziarrak titular izateko aukera gehiago dituela. Orain arte ohikoa izan den bezala, Toni Moralek jokatuko du ezkerretik eta Javi Guerra izango da taldearen erasoko erreferentzia.

Iaz bizi izandako estutasunen mamuak ez esnatzea da gasteiztarrek Cadiz aldera eramandako helburu nagusietako bat, baina ez da batere lan erraza izango, izan ere, Jerez oso indartsu agertu baita orain arte bere zelaian, orotara batu dituen hemezortzi puntuetatik hamabi Chapinen lortu baititu. Hasiera onik izan ez zuen arren, Esteban Vigok zuzendutako taldeak erregulartasuna hartu du eta bosgarren dago sailkapenean, denboraldi amaieran igoera ekarriko lukeen hirugarren postutik puntu bakarrera.

Aurreko astean Herculesen zelaian husna berdindu ostean, andaluziarren entrenatzaileak hamaikakoa errepikatu lezake, Bergantiñosen ordez, euskal taldeei golak egiten abila den Antoñito aurrelaria sartuz.

H

l

s

t

JEREZ-ALAVES
Etxean sendo

Pixkanaka erregulartasuna hartuz joan den Xerezek dituen hemezortzi puntuetatik hamabi Chapinen eskuratu ditu. Andaluziarrak igoeratik puntu batera daude.

Cabrera

Madrildarra uste baino lehenago osatu da eta deialdian dago. Hala ere, oraindik goiz da hasieratik jokatzeko, lehendik ere erritmo gutxirekin baitzebilen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo