GARA > Idatzia > > Kultura

Amets Arzallusek zuzen egin du txapelerako bidea

Zozketa kapritxosoa izan zen atzo. Lehen tokian jarri zituen finaleko bi emakumeak eta, azken tokian, bi faboritoak. Azkenean, lehen lau postuak lau horien artean banatu ziren. Ametsek berea egin eta txapela jantzi zuen. Baina, saioa, zortziren arteko gauza izan zen. Emozio kolektiboa eta kalitatezko bertsoak uztartu ziren lehendabiziko finalean.

Amagoia MUJIKA | DONIBANE LOHIZUNE

Kartzelako lana luze joan zen. Izan ere, ez zen makala bertsolariek egin beharreko lana: binaka, seiko motzean hiruna bertso eta bakarka, beste hiru. Lehen biek bukatu zutenetik -Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe- azken biek -Amets Arzallus eta Sustrai Colina- oholtzarako eskailerak igo zituztenerako, ordu eta erdi inguru joan zen.

Ez dago jakiterik ordu eta erdi horretan zer egin zuten edo zer esan zioten elkarri Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak. Ametsek, agurretako batean polito agertu zuen egoera: «Sartu gaituzte kartzelatxoan lau metro koadro kabidan/ ta zenbakia noizko iritsi zazpira eta zortzira/ ordulariak eman dizkigu nik eztakit zenbat jira/ ordu t´erdi bat sufrimentua ta pentsatu dut begira/ urte pila bat daramatenak nola egongo ote dira».

Kontua da kartzelatik oholtzara abiatu zirenean patxada berezia sumatzen zitzaiela, eskarmentuaren pausoa zekartela. Eta, konturatu gabe bezala, besteek baino eskailera maila bat gehiago igo zuten kartzelako lana egiteko. Saio osoan elkarrekin aritzeko lehen aukera orduantxe izan zuten Ametsek eta Sustraik. Eta gustura aritu ziren, eta gustura jaso zuen bertsozaleak ere kartzelako egonaldi luzetik ekarri zuten aire freskoa.

Binaka seiko motzean aritzeko gaia hauxe izan zuten bertsolariek: «Ama-alabak zarete. Amak gaur jakin du 16 urteko alaba haurdun dagoela». Ametsek eta Sustraik umore aldetik hartu zuten. Bide hori hartu zuten bakarrak izan ziren eta bertsozaleak eskertu egin zuen. Segur aski, baita azken bikotea zelako ere.

«Gure alaba honekin/ zer datorkigun ez jakin/ bere adinari atera dio nahikoa etekin/ nahi baldin baduzu jakin/ enaiz kezkatzen zurekin/ baina amatxi izan behar al dut berrogei urtekin», hasi zen Arzallus. Eta Colinak, erantzun:«Ezagutu nuen Unai/ egin genuen eta ai/ ni haurdun utzi eta kabroiak alde egin zun por ahi/ agertzea horren lasai/ eskertzen dizut nolanahi/ nik ama behar dudalako ta nere haurrak ere bai». Eta Ametsen erantzunak algara handiak sortu zituen: «Horixe da ba problema/ ta iristean orena/ nola emango diet bieri nahi dudan ordena/ ene alaba lehena/ hi haiz hi txepel alena/ etzaidazu esan gainera dela Iturriagarena».

Ama-alabaren paperean Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe aritu ziren lehenengo eta, egia esan, finaleko momentu magiko horietako bat marraztu zuten finaleko bi emakumeek. Biek izugarri ondo abesten dute, gaia ere parera bezala etorri zitzaien eta oso saio txukuna osatzeaz gain, une berezia sortu zuten elkarrekin. Biek, bai Arzallusek eta bai Artetxek, oso saio polita marraztu zuten oro har. Artetxe oso erregular aritu zen, eroso sumatzen zen oholtza gainekoan, ideien etorri ona igartzen zitzaion eta benetan final ona josi zuen. Kartzelako lana oso txukun egin zuen kartzelara iristen zen gutun bat irudikatuz. Hiru bertso oso hunkigarri bota zituen Artetxek.

Maddalen ere, oso txukun. Kartzelakoan azken bertsoko azken puntuan trabatu eta sekulako letxe txarrean jarri arren, bertsoa ondo amaitzea lortu zuen. Lehen agurrean horrela kantatu zuen: «...ni naiz Arzallus familiako lorea/ badauzkat nere usaia ta kolorea/ ta ahal bada gaur anaia baino hobea». Eta, bukaeran, «...neregan lorerik bada/ pixalorea da hara/ baina hurrena larrosa izaten saiatuko gara». Berak hori kantatu arren, atzoko Maddalen Arzallusek asko izan zuen arrosatik.

Kartzelan bakarka egin beharreko lanetan, Amets Arzallusek eta Sustrai Colinak eskarmentua berriz ere alde izan zuten. Ametsi Larrun mendira igo eta ortzi mugara begira jartzea egokitu zitzaion. «Motxila hartu ta etorri naiz oinez bidean barrena/ neure izerdi ta neure neke enuen hartu nahi trena/ pasa zuhaitzak pasa garoak ta hara bide zuzena/ han agertu zait azken aldapa han agertu zait antena/ ta eseri naiz goitik begira bistan dut kostalde dena/ eta orduan bihotz barrutik nolako oroitzapena/ hara lainoek idatzi dute gure aitatxiren izena/ Larrungo maldan gau ilunean kontrabandoan hil zena», bota zuen lehena.

Sustrairi beste gaia egokitu zitzaion. Gutun baten azaletik kantatu zuen. Oso barrutik eta oso ondo. «Azaroaren 15ean Donibanen aupa konpai/ zenbat denbora idatzi gabe noan aipagaiz aipagai/ zure aita-amak somatzen ditut aspaldi ez bezain lasai/ sorgina gogor dabil lanean frantsesa ikasten ere bai/ anaia berriz festarik festa urrezko soltero Unai/ ta amets biak erdi ezkonduta nahiz ez duten onartu nahi/ guztiak ongi eta indartsu, baina guztiak zure zai», bota zuen lehena. Eta beste biak ere oso hunkigarriak.

Finalean zortzi bertsolari ziren eta, mailak maila, zortzien artean josi zuten Iparraldeko Bertsulari Xapelketako lehendabiziko finala. Odei Barrosok maila polita eskaini zuen, kartzelakoan ondo aritu zen eta, poto eta guzti, Artetxerekin zortziko txikian oso ondo aritu zen. Ekhi Erremundegiri etorriak ez zion hutsik egin. Ideia mordoa bota zuen eta nahikoa eroso sumatzen zitzaion oholtzaren behealdetik, dezenteko tenplearekin. Karlos Aizpuruak ere izan zituen distira uneak aleren batzuetan. Xumai Muruak hanka txarrarekin hasi zuen saioa eta, kostata, baina azkenean lortu zuen pixka bat zuzentzea.

ZORTZIKOTEA

Amets Arzallusek jantzi zuen txapela, 568 punturekin. Ondoren joan ziren Sustrai Colina (544,5), Miren Artetxe (538), Maddalen Arzallus (525,5), Odei Barroso (507), Ekhi Erremundegi (503,5), Karlos Aizpurua (490) eta Xumai Murua (466).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo