Josebe EGIA
Duintasun eredua
Balio dezala gaur txoko honek Miriam Makebari omenaldia egiteko. Balio dezala berak bezala mundu honetako injustizien eta zanpaketen aurrean jarrera bat hartzen dutenak gogoratzeko, eta haiengandik ikasteko. Eta borrokan bakarrik ez gaudela sentitzeko.
Salatzeko jarrera. Baten herrian bizi dena mundura plazaratzeko eta, beste alde batera begira lasai bizi barik, bizimodu duinaren bila segitzeko jarrera. Deserriratua edo kartzelatua edo maite denetik, maite direnengandik urrun, agian. Baina tinko.
Izan ere, Miriamek ezin izan zuen bere lurraldea zapaldu hogeita hamar urte luzez. Musikariak abestuz agertu zuen apartheidaren aurkako borrokan zuen konpromisoa eta horrek Hegoafrikan ezin bizitzea eta bere ibilbide musikala ezin garatzea ekarri zion, eta bere etxea ez ziren munduko hainbat lekutan bizi behar izatea.
Afrikaren Ama izendatua, beti eraman zituen bere lurraldearen ezaugarriak munduko agertokietatik; arropak, musika-tresnak, doinuak, oihartzunak... Afrikarra zen, eta harro zegoen, eta beste ezeren gainetik afrikar jendearen duintasuna laburbiltzen zuen emakume handia izan zen. Eta transmititzen zuen. Ez nau harritzen, eta oso polita eta baliotsua iruditzen zait, bere herriak nola egin dion negar, umezurtz geratu baita.
Bere hitzetan, ez zuen kontzienteki hartu munduari Afrikan gertatzen ari zena kontatzeko jarrera, ez zen kontzienteki bihurtu arrazismoaren kontrako ikono. Baina bere bizitzari buruz kantatuz, inguruan zuena eta sentitzen zuena kanporatuz, herri oso baten sentimenduari ahotsa eta irudia jarri zizkion, eta behin horretaz ohartuta, baliatu egin zuen. Ez zuen atzera egin, bide horretatik desbideratu gabe jarraitu zuen. Arrazismoaren aurka, eskubide zibilen alde, umeek etorkizun bat izateko aukeraren alde, adierazpen-askatasunaren alde, berak ondo baitzekien zer zen horiek gabe bizitzea.
Berrogeita hamar urte agertokiz agertoki igaro ostean, Italiako herri batean hil zen. Abestu zuen, mafiak mehatxaturiko idazle gazte baten aldeko kontzertuan hitz batzuk eduki zituen harentzat, eta lana eginda, lurrera erori eta joan egin zen. Interneteko orrialde batean irakurri nuen Miriamen harira honako inkesta hau: horrela hiltzea zer iruditzen zaizu, pozgarria ala penagarria? Egongo da penagarria deritzona, baina ni hunkitu egiten nau, barruan grinatxo bat hazten sentitzen dut. Eta burura etortzen zait nik ere horrela hil nahiko nukeela, bizitza osoan egiteari utzi ez diodana egiten, kausa zintzo baten erdian.
Esaten zuen nekatuta zegoela, bidaiek eta kontzertuek pot eginda uzten zutela. Eta berak bere lurraldean zuen haurrentzako etxera joan nahi zuela eta han gelditu, bere herriaren etorkizuna zirenen bizimoduak zaindu eta bultzatu behar zirelako. Baina beti deitzen zion norbaitek zerbaiten alde abesteko, edo kontra, edo bera entzuteko plazer hutsagatik... Eta berak ezin ezetz esan. Mafiak gazte bat mehatxatuta daukala liburu bat idazteagatik? Euren kaka guztia argi eta garbi kontatzeagatik? Nola ez, bada, bera lehenengoa taula gainean.
Bizimodu duinaren eredua, Miriam Makeba.