Edurne Larrañaga Euskal Herriak Bere Eskolako kidea
Batzen gaituena: Hezkuntza Sistema Nazionala
Herri gisa burutu behar dugun ibilbide luze honetan, hezkuntzan ere herri bezala aurrera egiten ikasi behar dugu. Norberak izan ditzakeen interes propioak, nahiz eta zilegi izan, alde batera utzi eta batzen gaituenari heldu behar diogu, hezkuntza eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzari, alegia
Nork dio Euskal Herriak ez duela Hezkuntza Sistema Nazionala egituratu eta antolatzeko eskubiderik? 1948ko Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala: «Pertsona guztiek hezkuntzarako eskubidea dute. Hezkuntzak doakoa izan behar du, oinarrizko hezkuntzan gutxienez» (26. 1. artikulua).
1960ko Irakaskuntza Mailako Gutxiespenen Aurkako Hitzarmena, UNESCOren babespean: «Gutxiengoek ikastetxe propioak sortzeko eta bertan irakaskuntza beraien hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute» (5. 1. artikulua).
1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena: «Gutxiengo etniko, erlijioso edota linguistikoak dauden Estatuetan, gutxiengo horietako haurrei ez zaie ukatuko bere bizitza kulturala izateko, bere erlijioa praktikatzeko edota bere hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea» (30. artikulua).
1961eko Europako Kontseiluko Gutxiengoen Azpibatzordearen testutik azpimarragarriena: «Gutxiengo nazional bati ezin zaio ukatu bere taldeko gainerako kideekin batera bere berezko bizitza kulturala izatea, bere hizkuntza erabiltzea, euren eskolak izatea eta hezkuntzan hautatutako hizkuntza erabiltzea; hots, ezin zio ukatu berez dagokion eskubidea».
1976ko Herrien Eskubideen Aitorpen Unibertsala: «Herri orok bere nortasun nazionala izateko eskubidea du» (2. artikulua); «herri orok bere hizkuntzan hitz egiteko eta bere kultura garatzeko eskubidea du» (13. artikulua); «herri orok eskubidea du atzerriko kultura inposatua ez izateko»...
Udalbiltzak 2002. urtean eginiko Euskal Herritarren Eskubideen Kartaren baitan, Hezkuntza Eskubideei eskainitako atalean: «Euskal Herriak (...) eskubide osoa du bere hezkuntza sistema antolatzeko, euskal gizartearen beharrei egoki erantzuteko. Gure herrian baldintzak egon badaude, behar dugun heziketa sistema adostu eta antolatzeko. Hezkuntzari buruzko erabakiak hartzeko eskubidea dugu».
Nazio Eztabaida Gunearen baitan hainbat herritar bildu gara azken urteotan. Eztabaida mamitsuaren ondorioz, 2006ko urriaren 21ean eremu, sektore, herrialde zein hezkuntza esparru ezberdinetako 60 kide baino gehiagoren sostenguarekin Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen. Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Nazionala egituratu zein antolatzeko eskubidea baduela oinarri gisa hartu eta euskal herritar gisa dagozkigun hezkuntza eskubideak zerrendatu genituen. Bada, ordea, hezkuntza esparrua eraldatu eta gaur egun arteko eztabaida antzuei (inposaturiko ereduen araberako publiko vs. pribatu eztabaida) bide emateko bokazioaz adostu zen kontzeptu berria: «Euskal Herriko Hezkuntza Publikoa»ren kontzeptua. Kanpotik ezartzen dizkiguten ereduen araberako bereizketa (finantziazioaren ikuspegi hutsetik egiten den bereizkeria, hain zuzen ere) egiteari utzi, eta hezkuntza eskubideen araberako hezkuntza sistema eraiki beharra azpimarratu genuen.
Akordioak bultzatzen duen «Euskal Herriko Hezkuntza Publikotasuna» kontzeptu berritu horretan, Hezkuntza Publikoa «publiko-herritar» ikuspegian kokatzen da; hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahian. Erantzukizun kolektiboa azpimarratzen da eta hezkuntza publikoaren diseinua, antolaketa, planifikazioa, kudeaketa zein garapena botere publikoari eta hezkuntza komunitateari dagozkie. Erabakiguneetan, euskal herritarron partaidetza ahalbidetzea ezinbestekotzat joz. Bide horretan, ukaezina da botere publikoen hezkuntza eskubideen bermerako jokatu beharreko betekizuna. Horren arabera, «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa» gauzatzeko, botere publikoei eta herritarrei (hezkuntza komunitateari) dagozkien eskumenak zehaztu eta banatu beharko lirateke. Finantziazioak eta kontrolak, berriz, publikoak izan beharko lukete. Beraz, hezkuntza publikoaren gestioak eraginkorra, gardena eta jarraipen soziala duena izan beharko luke. Heziguneen (edo ikastetxeen) titularitate eta kudeaketak, berriz, heziguneen eta botere publikoen arteko hitzarmenean oinarritu beharko lukete.
Nork ez luke bat egingo oraintxe azaldutako proposamenarekin? Bada, ez da une honetan edukitako asmakizuna, baizik eta Oinarrizko Hezkuntza Akordioak biltzen duen adostasunaren zatia. Akordio irekia, parte-hartzailea zein dinamikoa da eta hezkuntzaren gaineko ikuspegi berri honekin bat egiten duen edonork ateak irekita ditu bere ekarpena plazaratu edo bidelagun izateko.
Herri gisa burutu behar dugun ibilbide luze honetan, hezkuntzan ere herri bezala aurrera egiten ikasi behar dugu. Norberak izan ditzakeen interes propioak, nahiz eta zilegi izan, alde batera utzi eta batzen gaituenari heldu behar diogu, hezkuntza eskubideak bermatuko dituen Hezkuntza Sistema Nazionalaren eraikuntzari, alegia. Aurrera goaz Euskal Curriculuma edota Euskal Unibertsitatea bezalako egitasmoekin, baina une askotan arestian aipaturiko eztabaida antzuak berpizten dituzte (hezkuntza mugimenduaren zatiketa bultzatzen duten sektore espainol zein frantsesak izatea ez da kasualitatea) eta guk amua irensten dugu. Amuak goxoki itxura hartzen du eta gu, inuzenteak bezala, ez gara konturatzen otsoak ari zaizkigula eskaintzen gozokia. Estalkia kendu eta barnean pozoia!
Ez da ikastetxe eredu ezberdinen arteko eztabaida amaigabea areagotzeko unea, baizik eta batzen gaituenaren alde indarrak biltzeko unea. Hori bai, gozokia eman digutenei ere argi eta garbi utziko diegu eskainitako iruzurraz ohartu garela eta egindakoa salatuko dugula, hezkuntza eskubideak borrokatuko ditugula. Aldarrikatuz, borrokatuz eta eraikiz, Hezkuntza Sistema Nazionaletik gertuago egongo gara.