GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Negu beltza heldu?

Aste honetan gezur franko zabaldu dira, hain xuxen abiadura handiko trenaren kontrako ekintzak zirela eta. Bat- batean teleberrietan anarkistak munduratu dituzte

Sozialistak itxura zaintzen ari zirelarik, Reimsen antolatu zuten kongresua asteburuko benetako gertakari politikoa izanen zelakoan, ederki irriz ari zitzaien Sarkozy G-20ko herrialdeak asteburu berean biltzea lortu zuelako. Horrela arreta haren inguruan atxikitzea lortzen zuen eta Frantziako deitutako oposizioa bigarren mailan gelditu zen. Hau da politika egiten jakitea; alegia, oposizioa bigarren mailan uztea eta protagonismoa gordetzea. Horretan Sarkozy txapeldun.

Hau baita helburua, formak eta arreta Gobernuaren inguruan atxikitzea, funtsa eta debatea alde batera uzten bada ere, gezurra hedatzen bada ere. Aste honetan gezur franko zabaldu dira, hain xuxen abiadura handiko trenaren kontrako ekintzak zirela eta. Bat-batean teleberrietan anarkistak munduratu dituzte. Hogei urte gutxienez anarkistak ez zirela eremu politiko ofizialean agertu. Soil-soilik poliziaren bertsioa eman baitute, urte bat zeramatela jende horiek zaintzen, alegia susmagarriak zirela eta bat-batean terroristak bihurtzen dituzte, ofizialki terroristak eta poliziak leporatzen diena ontzat emanez. Epaiketa baino lehen epaituak dituzte eta kontrainformaziorik ez dute bilatzen. Aukera paregabea sistemaren aurka ari diren taldetxoen atxilotzeko eta kriminalizatzeko, susmoa sortu eta beldurra hedatu. Eta funtsean nolazpait talde horiek zori ona dute, aipatzen baitituzte, poliziaren eraginkortasunaren frogatzeko beharrezkoak dituzte. Euskaldunen kasuan, Batasunaren aurkako sarekadaren kasuan ez dute horren aipamenik egin prentsan, hori isildu dute. Errepresio sarea indartzen ari dela, gaur euskaldunak, gaur anarkistak deitutakoak, gaur pozoitutako artoa mozteagatik hunkitzen dituzte baina agertzen diren eta ofizializatzen dituzten fitxategi horietan jende askoz gehiago daukate, Gobernuak bere burua babestu nahi du eta boterean gelditu, horretarako errepresioa dute bidea. Negu beltza.

Presidente beltza Ameriketako Estatu Batuetan, Frantziak ez zuen gutxiago egiten ahal, prefeta beltza izendatu dute aste honetan. Alegia, larruaren koloreak aldatuko duela zerbait! Britainia Handiko arduradun nagusia emaztea zen Bobby Sand hiltzen utzi zutelarik presondegi beltz horietan, haren ondotik beste anitz. Demokraziaren maila neurtzen dute genero eta kolorearen araberan. Horren aldaketarekin pobrezia txikituko al da? Demokrazia eskasaren lehen ezaugarria pobrezia baita, horretan gaurko gobernariek ez dute inongo kezkarik erakusten, nahiago dute errepresio bideak indartu eta kontrol soziala segurtatu. Ezagutza instituzionalak ez du kolorerik, jarrera eta urrats politikoa da, eremu horretan etxekoak dira askotan gogorrenak. Asteburu honetan berean Kostalde Hegoaldeko Herrien arteko Elkargoko eraikuntzaren estrena zen. Lehendakaria Biriatuko auzapeza dugu, euskaldun peto-petoa, baina eremuko biztanleriaren erdia instituzio berri horretan ordezkatua ez izateak ez dio buruko minik ematen. Benetako demokrata!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo