«Nazio eraikuntzak lehen mailako erronka izan behar du»
2008ko Nazio Eztabaida igarota, Irastorzak irmotasunez berretsi du «burujabetzarantz» bidea egiteko borondatea badela. Hori dela eta, «posizioak gerturatu» behar direla adierazi du, «elkarlanean burujabetzara eramango gaituen prozesua egiteko». Harreman erronda zabala egingo dute horretarako.
Oihana LLORENTE |
Bosgarren Nazio Eztabaida «oso positiboa» izan dela baieztatu, eta azken urteotan aurreratutakoaz aritu da Irastorza GARArekin. Hutsuneak ere egon direla ukatu gabe, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari.
Bost urte dira Nazio Eztabaida Gunea abiatu zenetik. Zertan aurreratu da?
Helburu argiekin sortu zen Nazio Eztabaida Gunea. Euskal Herriaren biziraupena eta garapena lortzea eta horretarako beharrezko baldintzak sortzea zen geure buruari jarritako xede nagusia. Lan hori nazio ikuspegian egin behar zela ere esaten genuen orduan; hau da, nazio bezala pentsatuz eta arituz. Sektore eta ikuspegi ideologiko ezberdinen lankidetzan oinarrituriko estrategia garatzea zen gure helburua, nazio osoko indarrak batuz; finean, batzen gaituzten elementuen inguruan elkarrekin aritzea zen helburua.
Bost urte eta gero, aurrerapen nagusia horixe izan dela uste dut, ikuspegi hori zabaldu eta areagotu dugu eragile eta herritarrengan. Gainera, Nazio Eztabaida Guneak bultzatutako ekimenak erreferente bilakatu dira eta Euskal Herriko agenda politiko eta sozialean kokatu dira.
Egitasmo ugari egin dituzue gatazkaren konponbidearen bidean. Uneotan, ildo horrek ez al du lehentasunik?
Egoera politikoak eragin zuzena du horretan, baina hortik harantzago, gure ustez, Euskal Herriaren biziraupenaren aldeko lana ezin da unean uneko egoera politikoak eskaintzen dituen aukeren menpe egon. Euskal Herriaren eraikuntza lanak iraunkortasuna eskatzen du, eta gainera, gatazkaren konponbidea Euskal Herriari dagozkion eskubideak errespetatuko dituen agertokia lortzea da; horixe da mamia eta Nazio Eztabaida Guneak ez dio mami horri uko egin ezta egingo ere. Gure estrategiaren egokitzapena egin dugu, baina negoziazioa eta elkarrizketa aldarrikatuz, eta norabide horretan berdin-berdin jarraitzen dugu nazio eraikuntza bultzatzen.
Egoera politikoaren gorabeherek eragin handia dute. Eragile bakoitzaren arabera Nazio Eztabaidek oso argazki ezberdinak ematen dituzte.
Abagune politikoek bere eragina dute Nazio Eztabaidan, hala da. Negoziazio prozesuaren hausturak eragile bakoitzak bere posizioa finkatzea ekarri zuen, eta guk maila horretan ulertzen dugu. Hala ere, esan beharra dago bost urte hauetan eragile sozial, sindikal eta politiko guztiekin izan ditugun harremanak mantendu egin ditugula, eta ahalegina egin dugu horretan; horixe da, gainera, gure filosofia eta izaera. Bultzatu nahi duguna nazio estrategia bat izanik, ezinbestekoa dugu dagoen aniztasun politiko, ideologiko eta soziala aintzat hartzea, eta guztien iritziak eta ekarpenak biltzea. Hortik aurrera, batzuetan elkarlanerako aukerak egon daitezke, eta beste batzuetan ez. Hala ere, adostasun eta elkarlan hori parametro oso konkretuetan kokatzen den arren, nabarmendu beharrekoa da egitasmo zehatzetan babes politiko zabala lortu dugula. Halako esperientzia positiboekin kolaborazio esparru berriak ireki behar ditugula ondorioztatzen dugu.
Orain, beste harreman erronda bat duzue begi bistan.
Bai, burujabetzarantz bidea egiteko borondatea eta gehiengo bat badagoela uste dugu, eta errondaren bidez, elkarlanean aritzeko aukera eta puntu komunak aztertu nahi ditugu. Gure harremanez gaindi, bestela ere, herri honetan burujabetzaren alde gauden guztiok posizioak gerturatzen joan behar dugu eta elkarlanaren bidez, burujabetzarantz eramango gaituen prozesu bat landu.
Nazio Eztabaida Gunearen sorrerarekin batera egin zen lehen diagnosia. Bost urte igaro ostean, zergatik beste diagnostiko bat?
Egun dugun argazkia herrena da, ez gaizki egin zelako, baliagarritasun handia du diagnostiko horrek eta lanerako oinarria jartzen digu, baina denboran zehar aldagai desberdinak gehitu dira. Eztabaida prozesu osoan zehar beharrezkotzat jo dugu Euskal Herriaren diagnostiko sakon eta ahalik eta integralena esku artean izatea, eta hori da markatu dugun helburua. Gainera, lan hori erarik parte-hartzaileenean egin nahi dugu, ideologia, herrialde eta sektore askotariko pertsonen artean. Lan honek garrantzi berezia du, datozen urteei begira nazio gisa bultzatu beharreko erronka nagusiak behar bezala identifikatzeko baliatuko baitugu diagnostikoa. Hala ere, lan zaila izango dela esan beharra dago, zoritxarrez ez baitaude nahikoa tresna politiko eta instituzional argazki osoa ateratzeko; egungoek lurralde zatiketa eta ikuspegi partziala dute oinarri.
Nazio eraikuntzan helburu handiak jarri dituzue, baina zeintzuk dira egunerokotasunean aurkitzen diren arazoak?
Milaka dira nazio eraikuntzari ekarpena egiten dioten herritarrak, bakoitzak bere alorrean, eta gure ustez, badago hor maila bateko atomizazioa. Nazio Eztabaida Gunearen sorrerak horri irtenbidea eman nahi zion. Ez zetorren eragileen lana ordezkatzera, nazio perspektiba batetik nazio egiten gaituzten zutoinak, guztion konpromisoarekin, batera bultzatzera baizik. Hala ere, aipatutako atomizazio hori oraindik ere badago.
Beste arazo garrantzitsu bat nazio eraikuntzari ukatzen zaion balio politikoa da. Lan honek agenda politiko eta sozialean lehen mailako erronka izan behar du. Euskal Herriaren zapalkuntzaz ari garenean, zapalketa estrukturalaz ari gara; hau da, euskararen zapalketaz, kirol selekzioen gabeziaz... Hortaz, herri honek aldaketa politikoa beharrezkoa duen heinean, nazio eraikuntzaren bidez eman beharreko urratsak ere ezinbestekoak dira.
Larunbateko saioaren gainean zer balorazio egin duzue?
Balorazio ona egin dugu, oso eztabaida aberatsa izan zen eta maila politiko oso egokian egin zela uste dugu. Irailetik hona ikusi dugun bezala, Euskal Herriaren alde elkarrekin lan egiteko gogoa eta ilusioa badagoela frogatu da.
«Euskal Herriaren garapenaren aldeko lana ezin da unean uneko egoera politikoak eskaintzen dituen aukeren menpe egon. Nazio eraikuntza iraunkor bihurtu beharra dago»