MENDIKO ESKIA 09 denboraldia
Gailurretako eski lehiaketen atea zabaltzear da
Euskal Mendizale Federazioak datorren denboraldirako egitasmoa aurkeztu berri du. Lehien egutegi ofizialaz gain, «stage» bat antolatu dute eta gazte taldeari garrantzi berezia emango diote.Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Elurrak dagoeneko bisita bat baino gehiago egin die gure ingurumariko mendiei, eta jakina, mendiko eskiaren jarraitzaile asko suspertu ditu horrek. Giro horretan garela, Euskal Mendizale Federazioak (EFM) agerraldia egin du denboraldi berrirako dituen xedeak aurkezteko. Lehenik eta behin aipatu behar dugu azken urteotan mendiko eskiko arduradun ofizialak gero eta emaitza egokiagoak erdiesten ari direla. Talde txiki bat buru-belarri dabil azkenaldian, eta aitortu beharra dago kirol horren adar guztiak aski ondo astindu dituela eta, horri esker, gero eta zale gehiago erakartzen ari direla.
Aurtengo denboraldirako, beraz, federazioak argi du bide beretik jarraitu nahi duela. Batetik, jende gehiago sare horretara erakartzeko, eta, bestetik, harrobia osatzen duten gazteak bultzatu eta indartzeko. Ez dute, ez, soilik lehiaren ikuspegitik jarduten; horretaz gain, jakina, mendiko eskia izaten ari den bilakaeran zale guztiak, hasiberriak zein hobetu nahi dutenak, jantzi nahi dituzte.
Horrela, bada, abenduaren 26, 27 eta 28rako stage edo bilkura bat antolatu dute Luz Ardidenen. Helburuak, berez, oso zehatzak dira: 15 eta 21 urte bitarteko gazteak bildu, nagusiak hastapenetan jarri, eta hobetu nahi dutenei ateak zabaldu. Gazteek nahitaez hartu beharko dute ostatu, eta nagusiek aukeran dute. Informazio gehiagorako: 943-47 42 79. Bilkura hori egiten duten bigarren aldia da, eta EMFko mendiko eskiko arduradunek esan digutenez, iazkoak arrakasta itzela izan zuen: «Jarraitzaile ugari bildu genuen, eta emaitzak bikainak izan ziren. Batzuek ezer gutxi zekiten, eta, bederen, maila txukun batekin atera ziren. Ustekabean harrapatu gintuen, nolanahi ere, asko ikasi zutela baieztatu baitziguten».
Lehiaketen egutegi zabala
Zaleen asmoak bultzatzeaz gain, mendiko eskiko sailekoek argi dute, beste inguru batzuetan egin duten bezala, harrobia sustatu eta indartu egin behar dela. Etorkizunerako haziak ereitea dute helburu, hain zuzen ere, lehiaren alde apustu egingo duten gazteak ezinbestekoak baitira.
Hori dela-eta, iaz Gazteen Taldea sortu zuten, teknifikazio zentro baten antzekoa, eta horretan ere bete-betean asmatu zuten. Gazteen arduradun Oscar Gogorzak dei berezia egin nahi izan du: «Aurten ere gazte gehiago gureganatu nahi ditugu. Iazko Luz Ardideneko bilkuran 14 eta 21 urte bitarteko 17 gazte izan genituen. Horietako 9 aukeratu genituen, eta eman dituzten emaitzak bikainak izan dira. Horietako asko hutsetik hasi ziren, eta, hiru hilabeteren buruan, lehiaketetan maila ona eman zuten. Horregatik, gero eta gazte gehiago behar ditugu, mendiko eskiaren sarean sartu ahal izateko. Aurten, adibidez, bi gazte FEDMEren taldean prestaketa lanetan ari dira. Besteekin, berriz, mantsoago, baina lanean jarraitzen dugu eta oso lan ona egiten ari dira. Oro har, oso bizipen ederra ari da izaten. Aurten, adibidez, inguruan lehiatzen diren gazteak elkartzeko bi proba antolatu dira Petit Pirineus izenarekin: AltiToy eta Rally CEC. Gurekin harremanetan jartzeko: 618-32 30 15 eta 629-49 35 77».
EMFren lehien egutegiari dagokionez, bestalde, oso denboraldi oparoa prestatu dute. Euskadiko Kopak 5 proba izango ditu: Luz Ardinen-Tourmalet (urtarrilak 31-otsailak 1), Font Blanca-Arcalis-Andorra (otsailak 8), Rally Aragon-Astun (otsailak 15), Regil Zeharkaldia (martxoak 7-8) eta Rally CEC-Vielha (apirilak 18).
Horrekin batera, Euskadiko Txapelketak. Banakakoa zein taldekakoa AltiToy-Luz Ardinen Irekiak (urtarrilak 31) jasoko ditu. Eta krono-igoerak Regil Zeharkaldiak (martxoak 8). AltiToy Irekia aipatu dugunez, ezin dugu ahaztu iaz izan zuen erabateko arrakasta. Aurten ere bi ibilbide antolatuko dituzte. A izenekoa lehiatuko direnentzat, eta B izenekoa gainerakoentzat; jakina, azken horretan parte hartzen dutenak ez dira lehiaketan sartuko. Horiek banaka edo taldeka atera daitezke, eta, antolatzaileek azaldu digutenez, aukera ezin hobea da ibilbide alpino eta zoragarri bat ezagutu ahal izateko.
Amaitzeko, euskal selekzioaren berri eman dute. Beste urte batzuetan ez bezala, 2009ko denboraldirako soilik bi ordezkari hautatu dituzte: Izaskun Zubizarreta eta Joseba Ormazabal. Selekzioaren hautatzaile Aitor Muruak azaldu digu helburuan Euskadiko zein Espainiako egutegi ofizialak dituztela: «Lizentziarik ez dugunez, gure ordezkariek ezin izango dute Munduko Kopan lehiatu. Ingurukoetan jardungo dute, eta, horrez gain, Pierra Menta eta Mezzalamara eramango ditugu. Beste 15 bat euskal eskiatzailek maila txukuna eman dezakete. Neskak ere animatzen ditugu, oso gutxi lehiatzen baitira».