GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

«Besteei esker egiten du aurrera `5etako diligentzia' saioak; nik zatiak josten ditut»

Agin REZOLA

INFO7 IRRATIKO «5ETAKO DILIGENTZIA» SAIOKO AURKEZLEA

Agin Rezola kazetariak (1985, Astigarraga) Info7 irratiko saio berriari ahotsa jartzen dio astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17.00etatik 18.00etara. Bertsolariek duten bat-batekotasunari etekina ateraz, saio umoretsua egiten saiatzen da Rezola.

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Agin Rezola kazetariak erronka berri bati ekin dio, Info7-ko saio berriko aurkezle lanak eginez. Astigarragako bertsolari gaztea erraz eta umoretsu murgiltzen da gustuko dituen gaietan.

«5etako diligentzia» saioan mendebaldean adinako duelurik izaten al duzue?

Aurreneko orduan duelua gure buruarekin izaten da, saioa egin aurretik. Eta ostegunero, elkarrizketa bereziak egiten ditugunez, desafioak planteatzen ditugu gonbidatuekin, bai.

Kirolak, herri kronikak, elkarrizketak, musika... Zehazki, zer motatako saioa da «5etako diligentzia»?

Ba guk geuk ere ez dakigu oso ondo zer den. Edozerk dauka tokia eta edozer geldi daiteke kanpo. «5etako diligentzia» saioan nahi duguna egiten dugu. Izaera pertsonala duen irratsaio bat dela esango nuke.

Bertsoak ere badu bere tartea saioan. Zu bertsolaria izanik, ezin zen bestela izan, ezta?

Bai, hala da. Asteazkenetan jorratzen dugu bertsolaritza. Orain nahi haina denbora dugu bertsolaritzaz betetzeko, Bizkaiko eta Iparraldeko txapelketak ditugu eta gustuko gaia ere badudanez, ondo moldatzen gara.

Gaia zuk proposatutakoa izango zen, noski.

Nik neure buruari proposatzen diot azkenean. Ez dugu zentsura gogorrik hemen.

Atalen artean ere, bada bat, gainontzeko irratien analisiez betetzen dena, ezta?

Bai. Goizetan haserre bukatzen nuen beste irratiak entzuten eta Info7 zergatik sortu zen ere horrek erakusten du. Beste hedabideetan zer linea editorial duten eta kazetaritza objektibo baten arabera jokatzen ez dutela ikusita, egin behar ez litzatekeena erakusten dugu atalean. Irrati bakarra kontsumituz gero, jendea ez da horretaz jabetzen eta horretan laguntzen dugu guk.

Astelehenean bosgarren asteari ekingo diozue.

Bost dira dagoeneko! Nik uste baino azkarrago pasa da denbora orduan! Orain arte oso gustura ibili naiz, lana nekagarria da baina gustuko lekuan aldaparik ez omen da izaten eta horri eusten saiatuko gara hemendik aurrera ere.

Umorerik ere ez duzue falta.

Antenan bertatik kanpo duguna islatzen saiatzen gara. Azkenean erredakzioan ere giro oso ona dugu eta lanean hori transmititu egiten da. Zaila da irratian umorea lantzea, oso genero zaila delako; askotan errazagoa da negarra eragitea barrea eragitea baino, are eta gehiago Euskal Herrian. Baina ahalegintzen gara puntu hori ere irratsaio honi jartzen.

Kolaboratzaileek garrantzia handia dute saioan, ezta?

Azpimarratzekoa da «5etako diligentzia» saioak kolaboratzaileei esker funtzionatzen duela. Besteei esker egiten du programak aurrera eta nik euren zatiak josten ditut. Oinarri horretatik abiatuz sortze lana egiten saiatzen gara. Hori, halere, Baietz fundazioaren laguntzarik gabe ezingo genuke egin. Beraz, eskerrak eman behar dizkiogu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo