Nkunda gerrillariak Kinshasarekin negoziatzeko asmoa agertu du
Olusegun Obasanjo Nigeriako presidente ohia izan da Laurent Nkunda gerrillariarekin hitz egitea lortu duen lehen bitartekaria. Mendebaldeko multinazionalen interesak babesteagatik sarraskiak egitea egotzi dioten jeneral ohiak bake hitzak eskaini zituen atzo.GARA |
Laurent Nkunda gerrillariak RDC Kongoko Errepublika Demokratikoko agintariekin su-eten bat negoziatzeko asmoa agertu dio Olusegun Obasanjo Nigeriako presidente ohiari. «Gure etsaiekin harremanetan jarri nahi dugu, su-etena lortzeko», esan zuen Nkunda jeneralak Obasanjorekin bi orduko iraupena izan zuen bilera egin ondoren. Nigeriarra da NBE Nazio Batuen Erakundeak RDCko ekialderako izendatu duen ordezkari berezia.
Teorian bakea hurbildu dezakeen bilera Jomba herrian egin zen atzo, Gomatik laurogei bat kilometrora, ipar-mendebaldera. Ipar Kivuko hiriburua Ruandako eta Ugandako mugetatik gertu dago.
Esanguratsua da oso Afrikako Laku Handietarako Justizia eta Egiarako Nazioarteko Foroak Madrilen salatu berri duenez, Nkunda dela RDCko mineralak Ruandatik, eta inongo legediarik errespetatu gabe, ateratzen dituzten Mendebaldeko multinazionalen morroia.
Irakurketa horren arabera, Txinak RDCn egin nahi dituen inbertsioak -9.000 milioi dolarretako kontratua aipatu zen Madrileko foroan- oztopatzea da orain berrindartu duten gatazkaren helburu nagusia.
Nkundak Obasanjori esan zionez, bere gerrillariek urriaren 29an ezarritako «eraso etenaldiari» eusten diote. Gainera, gerrillariek laguntza humanitarioa ematen duten pertsonen lana ez oztopatzeko konpromisoa hartu dute.
«Gaur garrantzi handiko eguna da guretzat, orain arte gerrillari asko galdu ditugu-eta. Orain bake mezu bat daukagu. Bakearen alde lan egin behar dugu», adierazi zuen Nkunda jeneral ohiak, Jombatik gertu tiro hotsak aditzen zirela.
Obasanjo ere oso baikor zegoen gerrillariarekin hitz egin ondoren: «Orain badakit zer nahi duen -Nkundak-. Badakit su-eten bat tangoa dantzatzea bezala dela, inork ezin duela bakarrik hori egin».
Bakezale itxura
RDCra azken asteotan joan izan diren bitartekariek Nkundarekin elkartu gabe itzuli behar izan dute. Tutsi etniako gerrillaria RDCko Armadako jenerala izan zen, multinazionalekin tratuak eginda oso erraz aberasteko aukera ikusi zuen arte.
Atzo jantzi militarra armariuan utzi eta trajez jantzita eman zion bostekoa Obasanjori, nigeriarra helikopteroz iritsi zenean. Estatuburuak izango balira bezala, bitartekariak eta Nkundak bertan zeuden gerrillarien errebista egin zuten. Elkarri eskua emanda sartu ziren bilera egin zuten eraikinera. Aspaldiko lagunak ziruditen.
Nkunda eta Obasanjo bitartekaria elkartuta zeudela, Rutshuru izeneko eskualdean borrokan ari ziren RDCko Armada eta gerrilla, NBEk tropak eraman dituen Kanyabayongatik hogei kilometrora dagoen Ndekon.