GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Kirol Eskalada Harrobia ere indartsu

Euskal ordezkariak bikain Espainiako Kopan

Pasa den asteburuan Madrilen jokatutako probarekin FEDMEren eskaladako zirkuitua amaitu da. EMFko selekzioak lau podium eskuratu ditu: bi nagusien mailan eta beste bi gazteenean.

p047_f02.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Zailtasun eskaladako egutegi ofizialak amaitu dira dagoeneko. Estatu espainolari dagokionez, pasa den asteburuan Espainiako Kopari amaiera eman zitzaion Madrilen jokatutako probarekin. Oro har, Euskal Mendizale Federazioak bultzatutako euskal selekzioaren ordezkariek oso maila ona eman dute; hain zuzen ere, horren erakusle dira lortu dituzten emaitza bikainak. Nagusien mailako gure ordezkariak oso ondo aritu dira, baina ezin dugu ahaztu gazteak ere ez direla atzean geratu.

Aurreratu dugun bezala, azken proba, Madrilekoa, pasa den asteburuan jokatu zen; Espainiako Kopak guztira hiru hitzordu izan ditu. Larunbatean, nagusien txanda izan zen. Soilik hiru eskalatzailek hartu zuten parte: Itziar Rodriguezek, Antton Zabalak eta Gorka Karapetok. Irati Andak, berriz, ez zuen parte-hartzerik izan, asteburu berean Munduko Koparen azken proban izan baita. Horrela bada, nesketan Rodriguez soilik aritu zen. Sailkapenean zein finalean nahiko ondo aritu zen, eta izaniko erregulartasunari esker, hirugarren sailkatu zen bizkaitarra. Lehia, berriz, Andrea Cartasek irabazi zuen, eta bigarrena Helena Aleman izan zen.

Mutiletan, bestalde, hasiera-hasieratik geure bi ordezkariak oso fin ibili ziren. Sailkapenean ez zuten hutsik egin, eta bai Zabalak eta baita Karapetok ere finalerako txartela eskuratu zuten. Finalean bizi izan zen egoera nahiko bitxia izan zen. Nahiz eta ondo eskalatu, Karapetok ez zuen pausu batean asmatu eta azkenean zortzigarrena izan zen. Beste behin, ezustekoa Zabalak eman zuen. Dotore jardun ondoren, seigarren postuan geratu zen; hori bai, laugarrenarekin eta bosgarrenarekin berdinduta. Madrileko proba Marco Juvesek eraman zuen, bigarren postua Victor Estellerrentzat izan zen eta hirugarrena Dani Morenorentzat.

Gazteak ere oso ondo

Nagusien behin betiko sailkapenari dagokionez, aipatu beharra dago, nesketan, podium bakarra eskuratu dela. Andak proba bakar batean lehiatzeko aukera izan du, eta hori irabazi egin zuen. Baina, hala ere, orotara puntu gutxi lortu ditu eta podiumetik kanpo geratu da; azkeneko Espainiako Kopak gasteiztarrak irabazi zituela gogoratu behar da. Aurten, aldiz, euskal ordezkari onena Rodriguez izan da. Eginiko lan onari esker, bizkaitarra hirugarren sailkatu da.

Mutiletan, Karapeto ere hirugarren postuan geratu da, baina, GARAri adierazi dioenez, nahiko zapore gazi-gozoa du: «Oso gustura eskalatu dut azken proban, baina, zoritxarrez, huts nabarmen bat izan dut. Horren ondorioz, finaleko azkena izan naiz. Kopako brontzea eskuratu dut, baina, hala ere, ez nago oso pozik. Podiumean sartu naiz, baina beste modu batera nahi nuen. Hots, jardun biribila eginez».

Erabat pozarren dagoena, Zabala da. Hernaniarrak lehen urtea zuen nagusien mailan, eta, harrigarria bada ere, hiru hitzorduetatik bitan finalean izan da. Azken proban lortutako puntuei esker, lehen hamarren artean sailkatzea lortu du; hain zuzen ere, zortzigarrena geratu da. «Azken proba honetan bikain eskalatu dut; fin-fin. Nire lehen urtean bi final erdiestea ametsa izan da niretzat, besteak beste, askok eta askok lehen urte horretan behera egiten dutelako. Azkenean zortzigarrena izan naiz, eta onenen artean ibiltzea niretzat kristoren ohorea izan da. Oraindik nahiko flipatuta nago!», aitortu du.

Gazteen mailari dagokionez, oro har oso lehia politak egin dituzte; gainera, horietako batzuk oso maila altuan jardun dute. Gasteiz, Arrasate eta Donostia ingurukoak dira euskal lordezkari guztiak, eta argi dago inguru horietan gazteen arduradunak izugarrizko lana egiten ari direla; txalotzeko modukoa, benetan.

Madrileko hitzorduan, 18 urtez azpikoan, Jon Beñat Agirre lehena izan zen eta Aritz Dominguez hirugarrena. Puntuen zenbaketa egin ondoren, Agirrek Kopako zilarra lortu du, Dominguezek brontzea eta Eneko Saez Samaniegok bosgarren postua. 20 urtez azpikoen mailan, euskal eskalatzaile onena Oier Iribarren izan da. Bai azken proban bai sailkapen orokorrean laugarren postua lortu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo