GARA > Idatzia > > Kultura

«Sustraik lagundu zidan kartzelako egonaldian energia kargatzen»

p048_f01_148x244.jpg

Amets ARZALLUS

IPARRALDEKO BERTSULARI TXAPELDUNA

Zortziko txikian trabatu egin zen. Eta ez da batere ohikoa bera trabatzea. Trantze txarra pasatu zuen. Tabladu azpitik ez zitzaion igarri, nahiz eta gertukoek sumatu zuten Arzallusen ezina. Kartzelan ordu eta erdi eman zuen. Sustrai eta biak bakarrik geratu zirenean, hark lagundu zion burua altxatzen. Tabladura bueltan, pauso sendoz igo zituen eskailerak, dagoeneko txapela janztea erabaki izan balu bezala.

Amagoia MUJIKA | DONIBANE LOHIZUNE

Arratsaldeko futbol partidara abiatu aurretik harrapatu zuen GARAk Amets Arzallus, Iparraldeko Bertsulari Xapelketako finalaren biharamunean. Hendaiako taldean jokatzen du. Bertan, taldeko atzelaria baino ez da, 4 edo 5 zenbakiarekin jokatzen duena. Taldeko kasik inork ez daki euskaraz. Hartara, kasik inork daki bertsolaritzaren berri. Taldekideentzat beraz, Arzallusen asteburuko balentria atearen ingurutik ostikoz ateratzea lortu duen baloi kopuruan neurtzen da. Eta mesede egiten omen dio bertso anonimotasun horrek. Beretzat, terapia modukoa da ordu pare batez, behinik behin, bertsoaren inguruko elkarrizketarik ez izatea.

Zer moduz zaude?

Ondo nago, ez daukat aje handirik. Ez genuen gau luzeegia egin atzo. Nahiko goiz jaiki naiz eta egunkariak erosi eta irakurri ditut. Igande goiz normal samarra izan da.

Normal samar esnatu zara, baina txapeldun.

Poz eta ilusio bereziarekin joaten zaizu asteburua eta horren indarrarekin nago. Baina igual oraindik atzoko sentsazioak erabat erantzi gabe ditut. Hanka bat han daukat oraindik eta bestea tabladutik erabat jaitsita. Sentsazio berezia ere izaten da eta nahaste horretan nago.

Seguru final bezperan baino hobeto egin duzula lo.

Ez pentsa. Lo egiteko eta jateko ez dut arazorik izaten final bezperatan. Pasa eta gero askotan arazo gehiago izaten dira, buruari buelta asko ematen dizkiozulako. Gauza bakoitza nola egin duzun, zuzentzen eta okertzen, bueltaka aritzen zara. Askotan, saioa pasata buelta gehiago ematen dizkiozu.

Zer dabilkizu, bada, buruan bueltaka?

Bukatu eta gero gustura geratu nintzen, pentsatu nuelako banuela etxera eramateko zerbait. Behintzat, kartzelatik etorri ginenean egin eta gerokoa etxera eramateko modukoa zela pentsatu nuen, eta gustura sentitu nintzen horrekin. Hori baino lehen ez nintzen oso gustura ibili, burua ilundu zitzaidan momentu batean. Bi sentsazio izan nituen, beraz: bat ez hain ona eta bestea, bukatu eta gero, oso ona. Txanponaren bi aldeak probatu nituen saioan barna. Gero, gauean, jendearekin hitz egin eta gero, lasaiago geratu nintzen.

Kartzelakoa oso luze joan zen.

Guretzat kartzelako egonaldia oso luzea izan zen. Oso ondo irudikatuta zegoen kartzela. Frontoian bertan geunden, oso aldagela txikian, tabladutik hamabost metrora igual. Musika jarrita zegoen. Musika entzuten ordu eta erdian eta oso leku txikian egon ginen eta, egia esan, kartzela oso luze joan zitzaigun.

Sustrai eta zu izan zineten azkenak kartzelatik irteten. Denbora asko eman zenuten elkarrekin. Itxaronaldi berezia izan zen, ezta?

Ordu eta erdian denetik egiteko denbora daukazu. Hitz egin, agobiatu, berriz hitz egin eta berriz agobiatu. Hasieran sei bertsolari eta bi kartzelero ginen, taldean geunden. Gero, lau eta bi. Eta, azkenerako, biok bakarrik. Elkarrizketa aldatzen joaten da horrelakoetan. Atzoko kasuan, Sustrai eta biok bakarrik geratu ginenean, zuzenago hitz egin genion elkarri. Eta atzo Sustraik asko lagundu zidan. Hamarreko txikitik nahiko konforme atera nintzen, baina, aurretik zulo bat utzitako sentsazioa neukan. Beste finaletan edo beste saioetan oroitzen ez dudan trantze sentsazio bat izan zen, nire buruari buelta ezin niola eman sentitu nuen. Kartzela oso luzea izan zen baina, era berean, mesede egin zidan, bukaeran Sustrairekin geratu nintzelako eta hark lagundu zidalako energia kargatzen. Horregatik, kartzelatik etorri ginenean zerotik hastea bezala izan zen.

Eta saio osoan lehen aldiz kartzelan aritu zineten elkarrekin.

Oso arraroa izan zen. Zozketa egin genuenean 7. eta 8. atera ginen eta pentsatu nuen elkarrekin hasiko ginela. `Ez, kartzelan zarete elkarrekin' esan ziguten. Egia esan zorteak lagundu zigula uste dut. Kartzelatik elkarrekin ateratzeak uztarrian bezala ekartzen zaitu eta bien indarra bildu egiten da. Eta Sustrai eta biok egokitu ginen egoera horretan. Niri horrek asko lagundu zidan.

Igo zineten kartzelako lanari ekiteko eta seiko motzean saio ederra josi zenuten. Bistakoa zen askotan aritu zaretela elkarrekin.

Bai, eta nik baneukan sentsazio hori izateko beharra. Aurreko lanean barruan korapilatuta neuzkanak askatzeko beharra nuen. Asko nabaritzen da konfiantza, aurretik askotan kantatu duzun pertsona batekin ari zarenean bide errazagoan bezala sentitzen zara. Eta behin ofizioak bide on samarra hartu baldin badu, orduan eta gehiago hazten zara.

Eta bakarka ere kartzelako oso dotorea osatu zenuen.

Lehen inpresioa gaiak oso zabal uzten ninduela izan zen, edozein lekura joan nintekeela. Zabaltasun horretan galtzeko arriskua ikusi nuen eta lekuari berari heldu nion. Larrunen inguruan sortutako istorio bat sortu nahi nuen eta kontrabandoaren ideia etorri zitzaidan. Zortez, azkenaldian Larrun inguruan asko ibiltzea egokitu zait eta tokia ez zitzaidan oso arrotza. Kontrabandistaren istorioa aukeratu nuen eta niretzat asmatutakoa zen, nire aitona ez baita kontrabandoan ibilitakoa. Gerora, buruari bueltaka, konturatu naiz Xanti Iparragirrerengan pertsonifikatu nuela istorioa. Lehen lerroan zegoen saioa ikusten eta bera ikusten nuen. Horrek asko lagundu zidan istorioa aurrera eramaten.

Ez zitzaizun egokitu Maddalenekin kantatzea.

Ez, eta penatxo horrekin geratu nintzen. Nik nahi nuen, baina zozketak horrela erabaki zuen. Ez zitzaidan tokatu berarekin kantatzea eta, gainera, oso urruti geunden. Bera, lehena eta ni, zazpigarrena. Bakoitzak bere mundua bizi izan zuen atzo.

Saio oso txukuna egin zuen Maddalenek.

Bai, nik atzetik sumatzen nuen ondo ari zela. Igual falta izan zitzaion saio bat oso-osoa egitea, bete-beteko ariketa bat, nahiz eta kartzelako lana ez nion entzun. Maddalen ondo aritu zen, nahiz eta Garazin saio hobea egin zuen segur aski. Maddalenek txapelketa oso buruan eduki du, oso ondo prestatzen aritu da eta agian bere puntu onenetik pasata bezala iritsi da finalera. Berak ere badauka sentsazio hori. Baina, dena den, Maddalenek oso txapelketa txukuna egin duela uste dut.

Final polita izan zen eta Jai Alai bete zen.

Festa borobil batekin bukatzea garrantzitsua zen. Azken argazki hori garrantzitsua zen bai kanpora begira eta baita guretzat ere. Iparraldean euskara dagoen egoeran baikortasun dosiak behar-beharrezkoak ditugu aurrera egiteko eta bidea urratzeko. Atzo ilusio dosi handi bat hartu genuen eta iraun dezala horrek aurrera begira.

Kritikaren bat egitekotan, saioa luzeegi joan zen akaso.

Egia da. Batez ere kartzela luzeegia izan zen; guk hori aipatu genuen kartzelan geundenean. Hurrengorako kartzela ezin dela hain luzea egin aipatu genuen, ez jendearentzako eta ez guretzako ez direlako baldintza onenak horiek.

Eta behin hasita, sekulako hotza egiten zuen, ezta?

Bai, ni harritu nintzen berogailua daukan frontoia delako. Baten bati entzun nion sekulako soinua egiten duela eta horregatik ez zutela martxan jarri. Gaur egun konpondu eta neurtu daitezkeen gauzak dira eta hor kritika batzuk egin beharko dira barrura begira. Lehen aldia izan da eta hurrengorako hobetu egin beharko da.

Txapela janzteko unea oso hunkigarria izan zen. Zuretzat berezia izan zen Xanti Iparragirrek janztea, ezta?

Xanti ume-umeak ginenetik ikusi dugu inguruan, zenbat aldiz egon ote gara elkarrekin! Oilo ipurdia jartzeko moduko bizitza dauka. Eta bera den bezala ezagututa, zenbat lan egin duen ikusita... Pertsona umila eta gozoa da, edozer esan behar dizunean ondradu eta garbi esaten dizu Xantik. Berak txapela ematea ez, berak janztea merezi du. Txapela bere eskutatik jasotzea niretzat beste sari handi bat izan zen. Atzoko momentu politena izan zen.

Eta, eskaintza, amonari.

Orain dela gutxi hil zitzaigun Zumaiako amona eta harreman oso estua genuen. Bere belaunaldiko emakume askok bezala, amonak bizitza guztia besteentzako lanean eman du. Bizitza guztia eman du besteentzako eta hil da inori lanik eman gabe eta isil-isilik. Amonarekin inoiz kitatu ezingo dugun zorra daukagu eta txapela etorri zenean ez nuen zalantzarik egin hari tokatzen zitzaiola.

UZTARRIA

«Kartzelatik elkarrekin ateratzeak uztarrian bezala ekartzen zaitu eta bien indarra bildu egiten da. Sustrai eta biok egokitu izanak mesede egin zidan»

ESKAINTZA

«Orain dela gutxi hil da amona. Bizitza guztia besteentzako lanean eman du eta isil-isilik hil da, inori lanik eman gabe. Ez nuen zalantzarik egin txapela hari tokatzen zitzaiola»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo