GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Bizkaiko Irekia

Arrospidek eta Atutxak iragarpenak bete dituzte

Egin behar zituzten bost lanetatik lau irabazi zituzten eta amaieran minutu bat baino gehiagoko aldea kendu zieten Juanjo Lopezi eta Julen Mendietari

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Arrospide eta Atutxa II.a ziren Bizkaiko Irekia irabazteko faborito nagusiak, eta beraiek jantzi zuten txapela. Horretarako, gainera, ez zuten izan aparteko arazorik, eta minutu bat pasako aldea kendu zieten Lopezi eta Mendietari.

Jendetza handirik gabe jokatu zen atzoko finala. Bikote bakoitzak bost proba ezberdin egin behar izan zituen. Lehen erronka 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu zen. Bikote bakoitzeko kide bakoitzak enbor baten alde bat erdibitu behar zuen. Hasieratik hasi ziren faboritoak garaipenak pilatzen, 32 kolpetan amaitu baitzuten enborra, eta bosteko aldea kendu baitzieten aurkariei.

Bigarren lanean bi 45 ontzako erlojuaren aurka bota behar zituzten; bakoitzak bana. Hemen ere gero txapela jantzi zuen bikoak ez zuen hutsik egin, eta minutu bat eta 29 segundotan amaitu zituzten bi enborrak; hala, beste zortzi segundo sartu zizkieten aurkariei.

Hirugarren lanean bikote bakoitzak bi kana-erdiko moztu behar zituen, eta horretarako bat zutik eta bestea etzanda zituzten. Proba honetan ere bakoitzak bana moztu behar zuen, eta hemen ere Anjelek eta Aitzolek ez zuten hutsik egin. 2 minutu eta 47 segundotan bota zituzten bi enborrak eta Lopezek eta Mendietak, aldiz, 3 minutu eta 35 segundotan amaitu zituzten bi enborretan egin beharreko lanak.

Azkenaurreko lanean 60 ontzakoa bota behar zuten txanda librean, eta hortxe heldu zen Lopezen eta Mendietaren garaipen bakarra. Minutu bat eta 44 segundotan bota zuten 60koa, eta hamar segundo kendu zizkieten aurkariei.

Finala amaitzeko lan bakarra falta zen, iraupenekoa, baina ia dena erabakita zegoen. Minutu inguruko aldea zuten Arrospidek eta Atutxak, eta garbi zegoen zerbait gertatu ezean garaipena beraientzat izango zela, eta horrelaxe izan zen. Azkeneko lanean lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten txanda librean. Hasieran Lopez eta Mendieta aurretik ibili ziren, baina lan erdietatik antzina faboritoek buelta eman zioten, eta ez zieten inongo aukerarik eman, azkeneko proba ere beraiek irabazi baitzuten. Horrenbestez, atzoko garaipena segurtatu ahal izan zuten. 9 minutu eta 59 segundotan amaitu zuten azken lana, eta Lopezek eta Mendietak, aldiz, 10 minutu eta 22 segundotan. Amaieran, lan guztiak burutzeko 16 minutu eta 41 segundo behar izan zituzten irabazleek, eta 17 minutu eta 45 segundo, berriz, Juanjo Lopezek eta Mendietak.

Bukaeran, Arrospideren eta Atutxaren poza ikaragarria zen. Leaburuko beteranoak oraindik onenen artean jarraitzen du, eta maila handia emanez gainera. Atutxa, berriz, bizkaitarren eta aizkora zale guztien itxaropena da. Aurten Bizkaiko Irekiaz gain, Euskal Herriko Hirugarren Mailako Txapelketa ere bereganatu du, beste garaipen garrantzitsu batzuen artean.

Orain, Urrezko Aizkorak ez du atsedenik izango. Izan ere, abenduaren 6an Lizarran abiatuko da Binakako Txapelketa, nahiz eta oraindik bikoteak erabat erabaki gabe dauzkatela adierazi duten antolatzaileek.

Euskal Herriko aizkolaritza txapelketa

Datorren igandean jokatuko da Amurrion Euskal Herriko Lehen Mailako finala. Bertan izango dira Nazabal, Txapartegi, Lopez, Azurmendi, Olasagasti eta Vicente. Floren Nazabal da egungo txapelduna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo