GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Kanporaketa

Jexuxmari Lasa besteen gainetik agertu da

p037_f02.jpg

J. L. | ERREZIL

Lasak, Zubiagak, Mugertzak, Rekondok, Belarrak eta Otaegik lortu zuten atzo Errezilgo plazan Euskal Herriko Bigarren Mailako finala jokatzeko txartela.

Jende asko batu zen kanporaketa ikustera, 500 lagun inguru, nahiz eta eguraldiak ez zuen horretarako gehiegi lagundu. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen.

Hiru txandatan neurtu ziren aizkolariak, eta hiruretan lehenengoa izan zen onena. Hasierako txanda horretan eta bigarren txandan launa aizkolari aritu ziren, eta azkenekoan, berriz, hiru. Lehenengo txandako laurak sartu ziren finalera.

Estreineko txanda horretan Lasa, Zubiaga, Mugertza I.a eta Belarra lehiatu ziren. Lasak lehen enborretik hartu zuen abantaila, eta Legorretakoak aise irabazi zuen. Berea izan zen txandako denborarik onena, baita saiokoa ere. Zubiaga izan zen bigarren sailkatua, eta Mugertza hirugarrena. Sailkapen nagusian ere horrelaxe geratu ziren. Belarra izan zen txandako azkena, baina sailkapen nagusian bosgarren amaitu zuen, eta Doneztebekoak ere finalerako txartela lortu zuen.

Bigarren txandan, Otaegi, Xabier Mindegia, Kañamares eta Elorriaga lehiatu ziren. Otaegik erabat menperatu zuen multzoa, baina zizurkildarrak doi-doi lortu zuen finalerako txartela, seigarren postuan amaitu baitzuen; hamabi segundogatik lortu zuen azkeneko saioan egoteko aukera.

Bigarren Xabier Mindegia sailkatu zen. Labaiengo gazteak behetik gora egin zuen, baina zortzigarren amaitu zuen, eta finaletik at geratu zen azkenean. Kañamares eta Elorriaga sailkatu ziren atzetik. Zumarragakoarena izan zen, gainera, atzoko denborarik txarrena.

Azkeneko txandan, Rekondo, Ugarteburu eta Telletxea lehiatu ziren. Leitzarra gailendu zen multzo honetan, eta berak bakarrik lortu zuen finalerako txartela. Ugarteburu ere ongi aritu zen, baina amaieran behera egin zuen, eta ez du izango finala jokatzerik. Jaitsierarekin zer gertatzen den ere erabaki beharko du orain Federazioak, Larretxeak, Etxebestek eta Bihurrik uko egin baitiote lehiaketa honi.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo