Harmailetik
Epaileari ez zitzaion elastiko beltz berria gustatu
Jon ORMAZABAL
Kirolaz haratago, negozio erraldoia bihurtu da futbola azken urteotan eta horrexegatik nekez uler daiteke Chapinen partida hasi aurretik jazotako guztia. Izan ere, etxetik kanpo telebistaz ikusi ahal izan den babazorroen lehen partidetako batean, gasteiztarrek Xererezek utzitako kamiseta laranjarekin jokatu behar izan zuten, babesleei euren telebista minutuak lapurtuz.
Italiatik Euskal Herrira iristeko ia bost hilabete behar izan dituzten elastiko beltzak -Ligako armarria behar ez den lekuan josi zuen Legea etxeak- ez zitzaizkion egokiak iruditu Bernabe Garcia epaileari, Xerezek janzten dituen urdinekin nahasgarriak izan zitezkeelako. Epailearen erabakia ez zitzaion batere gustatu Alavesi, aste hasieran federazioan kamiseta berriaren berri eman eta inork arazorik jarri ez ziolako. Atzo, berriz, arbitroak elastiko zuriak erosteko ezan zien Alaveseko ordezkariei, noiz eta igande arratsalde batean. Sortutako haserreak partida kolokan jarri zuen, Alavesek ez jokatzearekin mehatxu egin baitzuen. Azkenean, laranjaz irten eta gorrituta itzuli.