GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Superliga

Apurka-apurka, Lagunak sailkapeneko erdialdean kokatzen ari da

LAGUNAK 0
TORREJON 0

J.L. | DONOSTIA

Lagunakek berdindu egin zuen atzo Torrejonen aurka, eta apurka-apurka beheko postuak atzean uzten ari da. Hala, sailkapeneko erdialdean dira jada nafarrak.

Atzoko partida estua izan zen, bi taldeek oso norgehiagoka orekatua eskaini baitzuten. Berdintasun horren barruan, talde bakoitzak zati bat izan zuen beretzat.

Lehen minutuetan kanpotarrak hartu zuten baloiaren jabetza, eta zelai erdian nagusi izan ziren. Euskaldunak ia beti baloiaren atzetik izan ziren, baina atzean ederki itxi ziren, eta espainiarrak nagusi baziren ere, minik ez zuten egiten. Horren erakusle, horitxoen atezainak ez zuen izan aparteko arazorik.

Lagunak ahalegindu zen kontraerasora ateratzen, baina Torrejonek ederki ixten zituen lekuak, eta ezinezkoa zen beraien area ingurura gerturatzea.

Lehen zatian ez zen golik izan, eta nagusitasuna kanpotarrena izan bazen ere, bigarrenean gauzak erabat aldatu ziren. Hemen ere ez zen golik izan, baina baloiaren jabetza aldatu egin zen, eta oraingoan etxekoak erabat menperatu zuten Torrejon.

Nafarrak goian hasi ziren presioa egiten, eta ito egin zuten kanpotarren jokoa; hala, baloia euskaldunen oinetara pasa zen. Lehen zatian kanpotarrei gertatu zitzaien bezalaxe, oraingoan Lagunaki ere gauza bera gertatu zitzaion, ez baitziren aukera asko sortzeko gai izan.

Sandraren aukera

Hala ere, etxekoek izan zuten bigarren zati honetako eta partida osoko aukerarik onena. Sandrak baloia hartu, eta aurkari guztiei ihes egin ostean, Noelia atezainaren aurrean geratu zen, baina bere jaurtiketa kanpora bota zuen, zutoinaren gainetik.

Hortxe amaitu ziren bi taldeen aukerak, bietako inork ez baitzuen gehiago atera bota. Azkenerako, gainera, biak puntu banaketarekin konforme zeudela ikusten zen, eta, ondorioz, markagailua ez zen mugitu.

Emaitza bera ez da txarra etxekoentzat. Liga hasiera zaila izan ostean, badirudi maila berriari tamaina hartu diotela, eta apurka-apurka gorantz egin dute eta sailkapenean oso leku erosoan kokatu dira. Oraindik lanean jarraitu beharra dago, baina mailari eusteko aukerak handiak direla ikusten da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo