GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Pirateria jakinbide bihurtzen denean

Horretan dirau jolas itxura ere hartu duen drama esperpentikoak: «Faina»ren edukia Somalian sakabana ez dadin, munduko parte hura dena zukutzeko adinako armada dago zelatan... baina gehiago busti gabe, badaezpada

Iraileko azken asteburuan somaliar piratek «Faina» merkatal ontzia bahitu zutenean norbaitek telebistako lantalde bat haraino bidaltzeko zuhurtzia izan balu, seguru asko udazkeneko reality show-rik erakargarriena eskuratuko zuen... protagonisten onespena medio. Munduko errealitate gordinaren realitya, show bihurtuta... Noski, ez zen erraza izango piratak nahiz marinelak konbentzitzea; horregatik, agian, inork ez zuen kinadarik ere egin, nik dakidanez behintzat. Baina ia bi hilabete beranduago bahituek eta bahitzaileek hantxe, Eyl-eko portutik milia batzuetara geldi jarraitzen dutela gogoratzen dudan bakoitzean txantxa hauxe bururatzen zait azkenaldian, gogoeta serio eta ilunagoen sasoia aspaldi agortu zitzaidalako edo.

Jakina denez, itsaslapurrek itsasontziak etengabe erasotzen eta arpilatzen ari diren ingurumen hartan («Sirius Star» petrolio-ontzi arabiarraren bahiketa izan da albiste azken egunotan; baina 63 kasu izan dira urteko lehen bederatzi hilabeteetan, eta 12 ontzi daude oraintxe bertan bahituta), «Faina» itsasontziaren kasua berezi eta ospetsu egin zuena bere edukia zen, eta da: hogeita hamahiru T-72 tanke (sobietarrak sortzez, ukrainarrak saltzez) daude haren kubiertapean, bestelako arma xeheago ugarirekin batera metatuta (granada jaurtigailuak, metrailadore antiaereoak, munizio ugari,...). Afrikako herrialde asko berrarmatzeko adinako armategia zeraman, beraz, 30 urteko ontzi zaharrak, Belizeko banderapean, 21 ukrainar, errusiar eta letoniarrez osatutako eskifaiarekin. Jabea, Panaman mozorrotutako ukrainar konpainia bat: etzalekua lehorrean duten pirata gorbatadunak.

Nora zihoazen, ordea, arma horiek denak? Pasadizoaren alderik ilunena da, zinez. Ofizialki, Kenyako Mombasan lehorreratu behar zuten eta, teorian, herrialde hartako armadarentzat izan behar zuten. Baina inork ez du sinesten halakorik, ez baitatoz bat ez Kenyako Armadaren aurrekontuekin, ez eta aurretiazko armategiarekin. Pleitamendu paperek susmarazten dutenez, azken hartzailea Hego Sudango behin-behineko gobernua izan zitekeen... Baina, hala balitz, saltsa galantaren erdian egongo lirateke denak, gertaerak nabarmenduko bailuke itzalita dirudien gerra berriro gartzen arituko litzatekeela, inguruko herrialdeek hauspotuta. Hipotesi alternatiboak ez dira askoz hobeak: Laku Handietako herrialdeetakoren bat izango litzatekeela eroslea eta abar.

Itxura denez, itsasontzia eraso eta hartu zuten somaliar itsaslapurrek ez zuten haren edukiaren berririk... altxorrarekin topo egin zuten arte. Gero, noski, segituan jabetu bide ziren haren balioaz. Eta arriskuaz: albistea jakin orduko hurbildu zitzaizkion «Faina» bahituari ingurumarietan ziren gerraontzi estatubatuarrak, USS Howard destruktorea buru zutela. Geroago, europar herrialdeetako beste gerraontzi batzuk ere bertaratu dira, errusiarrak barne.

Eta horretan dirau jolas itxura ere hartu duen drama esperpentikoak: «Faina»ren edukia Somalian sakabana ez dadin, munduko parte hura dena zukutzeko adinako armada dago zelatan... baina gehiago busti gabe, badaezpada ere. Eta, lapurrek, diru puska bat behintzat atera nahi diote horrenbesteko harrapakinari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo