GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Zuberoako zerbitzu publikoak mantentzeko kolektiboa sortu da eta ekimenak antolatu ditu

Idoia ERASO |

Maule eta Zuberoan zerbitzu publikoen jarraikortasuna zalantzan jartzen ari dela-eta, erabiltzaile talde bat elkartu da eta zenbait ekimen antolatu ditu. Lehenik eta behin larunbatean, azaroaren 22an, elkarretaratzera dei egin du kolektiboak etorkizuna zalantzan duen Mauleko postetxearen aitzinean. Hitzordua arratsaldeko hiruretan izanen da. Bestalde biztanleria elkartzeko eta arazoaren garrantziaz jabetzeko gaualdi bat antolatu dute azaroaren 28an. Mauleko Zinka ostatuan eztabaida bat eginen dute arratseko zortzi eta erdietan, eta ondoren film bat izanen da ikusgai.

Oinarrizko zerbitzuak dira Estatu frantsesak zuberotarrei kendu nahi dizkienak, bereziki Mauleko postetxea eta ospitaleko egonaldi luzeko zerbitzua. Oraingoz zerbitzuen murrizteaz besterik hitz egiten ez bada ere, zerbitzuak guztiz desagertu arte garatuko den prozesu baten hasiera ez ote den beldur agertu da taldea.

Mauleko postetxeari dagokionez posta banatzeko itzuliak emateari utzi nahi diote zerbitzu publikoko zuzendariek. Orain lanean ari diren postariek erretiroa hartzen dutenean langileak ez ordezkatzea aurreikusten dute. Lehen erabaki hori pribatizaziora bidea egiteko urrats gisa ikusten dute Zuberoako erabiltzaileen kolektibokoek.

Mauleko ospitalea

Azken hilabetean Mauleko ospitaleari buruzko kezka handiak piztu dira gizartean. 180 ohe dituen Zuberoako erietxeak egonaldi luzerako 35 toki ditu egun. Baina badirudi ohe horiek desagertzeko arriskuan daudela.

Ohe medikalizatuak izatetik zahar etxearen parte izatera pasako liratekeela aipatzen dute ospitaleko langileek. Horrela 35 ohe horiek zerbitzu publikoen aurrekontutik dirua hartu beharrean, egoitzan biziko liratekeen adinekoen familiek ordainduko lituzkete, errentagarriagoa izango litzatekeena. Horren ondorioz, erietxean egonaldi luzea egin beharko luketen pertsonek Paueko ospitalera joan beharko lukete.

Osasun Ministroak proposatu duen Ospitaleak, Pazienteak, Osasuna eta Lurraldeak Erreforma 2009ko urtarrilean aurkeztuko dute Parlamentuan. Baina jadanik «erregionalizazioa» abian da, eskualdeko zentro bakar handi bat izatea helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo