GARA > Idatzia > > Mundua

Piramide formako iruzurrak bi milioi herritar kaltetu ditu dagoeneko Kolonbian

Milaka kolonbiarrek, bi milioik iturri batzuen arabera, aurrezkiak galdu dituzte piramide egiturako iruzurraren ondorioz. Alvaro Uribek «gizarte-larrialdi egoera» ezarri du. Dirua lapurtu dutenei itzultzeko eskatu die, eta hala eginez gero ez dituztela espetxeratuko esan du.

GARA |

Piramide formako iruzurrak bi milioi kolonbiar kaltetu ditu, hainbat iturriren arabera. Egun batetik bestera aurrezki guztiak galdu dituzte. Aurreztutako dirua epe laburrean biderkatzeko asmoz sartu zuten orain porrot egin duten enpresa horietan. Hitzemandako interes altuak -%300 zenbait kasutan- beste aurreztaileen diruarekin ordaintzen zuten. Katea duela astebete eten zen, hainbat kudeatzailek bildutako dirua hartuta ihes egin ostean. Auziaren larritasunak behartuta, Alvaro Uribe presidenteak «gizarte-larrialdi egoera» ezarri du Kolonbian hilabeterako. Bestalde, gertatutakoa ekiditeko neurriak berandu hartu dituztela aitortu behar izan du. Ehunka enpresa daude iruzur piramidal honetan sartuta. Poliziaren datuen arabera, azken hiru urteetan baimenik gabeko 240 enpresa horiek 800 milioi dolar bildu dituzte.

Uribek dirua itzultzeko deia egin zien atzo. Azaldu zuenez, hala egiten badute ez dituzte preso hartuko. Legeek aurreikusten dutenez, herri-salatariek «zigorra geldiaraz dezakete baldin eta dirua itzultzeko borondatea azaltzen badute eta benetan hala egiten badute».

«Legez kanpoko diru bilketarekin zerikusia izateaz gain, enpresa horien buruak zilegitasunik gabe aberastu dira eta narkotrafikoarekin nahiz diru zuritzearekin lotura izan dezakete bildu ditugun frogek iradokitzen dutenez», adierazi zuen.

Dena den, Gobernuak «berme guztiak» eskainiko dizkiete milaka herritarren aurrezkiak itzultzeko asmoa dutenei.

Iruzur horrek berez kinka larrian dagoen ekonomia auzitan jarri du. Kolonbiako industriaren %80k kalte handiak izan ditu mundu mailako krisiaren eraginez. Merkatariak oso kezkatuta daude salmentek behera egin dutelako eta are gehiago Gabonen atarian egonda.

susmopean

Gobernuak DMG enpresaren 59 bulego ikuskatu ditu herrialde osoan. David Murcia Guzman enpresari gazteak sortu zuen. 200.000 bezeroei lasai egoteko eskatu zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo