Erruki Ezkurra Bai Euskal Herriari ekimeneko eleduna
Euskadi versus Euskal Herria?
Ez dut onartzen, Euskal Herriaren defentsa ustela egiten duten horien ahoetatik, adorea, errespetua eta duintasuna erakutsi duten gure kirolariei zuzendutako irain eta mespretxuzko hitzik
Lehenik eta behin zorionak Euskal Herria ordezkatzeko duzuen eskubidearen defentsan, agiria plazaratu eta sinatu duzuen euskal futbolari guztiei. Zorionak batez ere erakutsi duzuen adore eta duintasunarengatik. Zuek bai txapeldunak!
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Behera, Nafarroa Garaia eta Zuberoak osatzen dute Euskal Herria. Euskal Herria, euskararen herria. Euskal Herria, euskal herritarron herria.
Ez naiz ni hasiko, orain arte zabaldutako eztabaida faltsuak elikatzen, ez da nire estiloa. Nirea denaren defentsan jarduteko asmoa daukat soilik. Eta nirea diodanean gurea esan nahi dut.
Euskal Herria izanen da euskal herritarrok erabakitzen duguna. Baina horretan oztopo nagusi batekin topo egiten dugu: espainiar eta frantziar estatuen ukazio gordina. Ustez demokraziaren isla diren estatuek behin eta berriz ukatzen digute herri izaera, gure oinarrizko eskubideak, eguna joan eta eguna etorri bortizki urratuak izaten ari dira.
Baina Euskal Herriko selekzioaren afera dela eta, bestelakoetan gertatu ohi den moduan, estatu sasidemokratiko horien ukazioarekin nahikoa ez eta Eusko Jaurlaritzatik ere hordago gogorra bota die euskal herriko futbolari eta herritarrei.
Iazko abenduaren 29an, Bilboko kaleetan zein futbol zelaian argi ikusi zen herri honen gehiengoaren nahia. Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat. Ozenago esan daiteke, eta agian aurtengo erronka hori izan behar du. Baina argiago esaterik ez dago: euskal herriko kirolari guztiek dute gure herria nazioartean ordezkatzeko eskubidea.
Ulertezina da. Iazko partidaren inguruan izan zen arrakasta bertatik bertara ikusi genuenentzat, aurten planteatu den atzera pausorekin konforme egotea ezinezkoa zaigu. Ez dugu ulertzen herri baten izateko nahia modu horretan estali nahi izatea, nortzuk eta duela hilabete exkax Euskal Herria aitzakiatzat hartuta, herriaren izenean ekimen bat bultzatu eta babestu zutenen eskutik.
Ezezkoaren tunelean sartuta daude batzuk, eta tunelaren bukaera ikusteko arazoak dituztenez, tunela luzatzea erabaki dute. Aukera bat izan daiteke, baino baliteke horrela bukaerara inoiz ez iristea. Agian, horixe izanen da batzuek nahi dutena, tunela luzatzeko lanak dirauten bitartean beraien etorkizun politiko-ekonomikoa ziurtatzen baitute.
Bestela nola ulertu daiteke euskal herritar batzuen den lehendakariak bultzatutako galdeketa egiteko ausardia falta? Gure herrian dagoen klase politiko inkoherentea eta duintasun gabekoaren isla hutsa besterik ez da. Beraz, nik behintzat ez dut onartuko politiko horien mehatxua eta inposizioa, eta jakin badakit ni bezala, milaka eta milaka euskal herritarrek bat egiten dutela hausnarketa honekin.
Ez dut onartzen, Euskal Herriaren defentsa ustela egiten duten horien ahoetatik, benetan adorea, errespetua eta duintasuna erakutsi duten gure kirolariei zuzendutako irain eta mespretxuzko hitzik. Egin ez eta egiten utzi ez! hori da zuen aukera bakarra.
Ni Euskal Herrian bizi naiz, beraz euskal herritarra naiz, nahiz eta batzuk hori ukatu nahi izan. Gure herritik kanpo ateratzen naizen bakoitzean, Euskal Herria dut ahoan eta bihotzean. Izena eta izana. Gure herriaren alde lan egiteko hautua egin dut eta euskaldunak hitzezko gizon eta emakumeak garelako: Euskal Herriko futbolariak sinatutako agiriarekin bat egiten dut, eta agiria zabaldu eta ezagutzera emateko konpromisoa hartzen dut.
Abenduan Euskal Herriak jokatuko du, ez zalantzarik izan, futbol zelaian edo herri guztietako plaza eta kaleetan eta ni, han izanen naiz.