GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen Murgoitio

Hurrengo udan lotsabako

Ibai aske askok lasaitu ederra hartuko zuen honezkero, orain hainbat hamarkada zezenaren larruko eremu latzetik biderik bide, jarraigoa jarraigo, urtegiak inauguratzen ibiltzen zen jenerala benetan hilda dagoela frogatu delarik. Zer gauza handia den zientzia! hogeita hamahiru urte pasatuta hura nahiko hilda dagoela frogatzeko bestekoa. Hau kolpea! gurutziltzatu zutenean Kristok eginak zituen urteak, hain justu, ez dakit nongo aztarnetan idatzita utzi zutenaren arabera. Bai gauza handia zientzia, batez ere teknologiarekin batera dakartenean. Oraintxe ere jakin izan da zezenaren larruan hain ohikoa den lehortearen benetako kausa zein den; hainbeste bider Arriba Españaka ibilita hodeiak haren azpitik pasatzea lortu dute, horra hor kausa. Baten batek sozialistek erreinua hodeien azpira beheratu egingo zutela pentsatu izan bazuen ere, astindu ederra hartuko zuen denboratxo pasatuta, bere goi hartan mantendu ez ezik berotze aldera egingo duen klima-aldaketa bera eraman baitiote sozialistok gure hegoan den erreinu horri. Hala ere, bada oraindik zientziak ezin esplikatu dezakeenik. Horra kasurako, zergatik igaro diren urteak igaro eta gero jeneralak besoa goian tente mantentzen segitzen duen bere hobian. Edo, kasurako hau ere, zergatik Iruña-Veleiako egiazko aztarnategiko balizko aztarnetan orain mende pilo idatzita honelakoak irakurri daitezkeen garai hartako euskeraz: monarka kanpora! AHTrik ez! Azken esaldi honetaz kezka azaldu du Lakuako gobernuak, eta I+G+B eskumen-zati berriak baliatuta neurriko adimeneko hainbat aditu jarri ditu miaketa lanetan. Behin-behineko ondorioa baino ez bada ere, garai hartako euskaldunek begi onez ikusten ez zuten Azido Hesoxirribo Tukleidoaren kontrako protesta lelotzat hartu dute.

Tira, baloreak aldatzen daude, eta ez bakarrik burtsetan. Horra lehengoan irakurria. Europako Batasunak barazkiak saltzeko legedia malgutu du, aurrerantzean tamaina txiki eta itxura bihurrikoak ere onartuko direla. Ba zen garaia, demontre!. Hau lasaitua hartu dudana!. Aurreneko udetan hondartza nudistetan pasatzen ohi nuen lotsa hura galdua dut hurrengo bainu-denboraldiari begira. Hantxe paratuko naiz, lotsabako, zutunik, parteak zertan ezkutatzen ibili gabe, denon agerian, toaila eskuan gora ni biraka, toreroak legez. Bai, txiki eta itxura bihurrikoa, eta zer?.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo