GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aterpearen babesean goxatzen dituzte neguko gau hotzak

Gero eta gazteagoak dira, ia erdiak atzerritarrak eta askok osasun arazoak dituzte. Arrazoi bategatik edo besteagatik kalean bizi dira. Ez gogoz, beste aukerarik ez dutelako baizik. Udazken eta neguko gau hotzetarako, bederen, babesa bilatu behar izaten dute batean eta bestean atontzen dituzten aterpeetan.

p023_f01.jpg

Janire ARRONDO

Gaur, Europako Etxegabeen Egunean, ehunka izango dira Euskal Herrian babesleku bakartzat kalea izango dutenak. Kalean bizitzera derrigortuta daude. Asko ustekabean iritsi dira horretara.

«Etxerik ez edukitzea aterperik gabe egotea baino gehiago da» leloa aukeratu dute aurten egun honetarako. Mezu horrekin hausnarketa bultzatu nahi dute eta, aldi berean, etxebizitza duin eta egokia lortzeko eskubide soziala gauzatzea ez dela batere erraza salatu nahi dute.

Beste hainbat gauzekin batera, sasoi honetako hotza bilakatzen zaie askori etsai. Egoera horren aurrean, batez ere hirietan, etxerik ez dutenentzat babesleku izango diren guneak zabaltzen dituzte. Donostian, orain egun batzuetatik, Neguko Aterpeak ateak irekitzen ditu iluntzero goxotasun beharrean daudenentzat.

Donostiako Udalak egindako azterketa baten arabera, 100 pertsona inguru bizi dira hiriburuan kalean. «Hala ere, kopuru hori egoera ekonomikoaren arabera aldatu egiten da», Susana Garcia Chueca Ongizate Saileko zinegotziaren hitzetan. Horri erantzuna emateko, 40 lagunentzako lekua dute Harrera Sozialeko Udal Zentroan. Osasun egoera kaxkarrean daudenentzat zuzenduta dago, eta plaza libreak dauden artean erabil daiteke. Bestetik, Zorroagan 21.00etatik 09.00etara beste 40 lagun hartzen dituen Neguko Aterpea dago. Duela pare bat aste ireki zuten, eta martxoaren 31 arte egongo da zabalik. Bertan gaua igaro ahal izateko, aurrez San Bartolome kaleko 5. zenbakian txartel bat eskuratu behar da.

Hirugarren zentroa, berriz, muturreko egoeratan erabiltzeko prestatua dago; hain zuzen ere, zero azpitik gradu bat edo gutxiago egiten duenean. «Ate irekiko» zerbitzu honetarako sarrera librea da. Bestetik, Caritas erakundeak ere eskaintzen du honelako zerbitzua. Beraz, «denera, 120 pertsona ingururentzat prestatuta gaude».

«Ezin genituen kalean utzi»

Duela zazpi urtetik eskaintzen du Donostiako Udalak zerbitzua, eta pixkanaka plaza kopurua eta laguntza bera dauden beharretara egokitzen joan dira.

Neguko Aterpea «hotza egiten duenerako pentsatua dago, kalean sufri ez dezaten». Kalean bizi diren pertsonek, beraz, ez dute babes hau urte guztian topatzen. «Urte osoko zerbitzua jarriz gero, jendeari kalean bizitzeko erraztasunak emango genizkioke eta guk ez dugu hori nahi». Udal ordezkariaren arabera, euren mezua honakoa da: «Kaletik irteten lagunduko dizugu, baina ez kalean bizitzen».

Hala, Neguko Aterpeko langileak «esperientziadunak», gizarte langile profesionalak, direla nabarmendu dute. Lana bilatzeko edo bestelako interesa azaltzen duten pertsonei, esaterako, laguntza eskaintzen diete bertako langileek. Kalean ere ibiltzen dira etxegabeei aterpera joateko duten aukera azaltzen. Hala ere, kalean bizi diren pertsona askorentzat ez da gustukoa izaten zentro horietan gaua pasatzea. «Behin eta berriz esan arren badira beren lekutik mugitu nahi ez dutenak», azaldu dute. Ezin dira gogoz kontra eraman, «hiltzeko arriskuan» egon arren.

Udaletik azaldu dutenez, mediku batek bere kabuz erabakitzeko gai ez dela baieztatu behar du pertsona bat kaletik zentro batera eramango bada. Oro har, «benetako hotza egiten duenean», zentroa erabat betetzen da, baina, aldiz, eguraldia horren muturrekoa ez denean, kalean bizi diren askok aterpea utzi egiten dute.

Pasa den urtean, orotara, 297 pertsona inguratu ziren Donostiako zentro honetara, gehienak, 271, gizonezkoak; «Emakumeak autonomoagoak dira», azaldu dute. Kalean bizi den jendearen profilari dagokionez, hainbat ezaugarri zehazten dira; aldiz, profil horiek denboraren poderioz aldatzen ari dira. Donostiako Udaletik azaldu dutenez, jatorriari dagokionez gehienbat Afrika iparraldeko jendea izaten da, batez ere 30 eta 50 urte bitartekoak. «Gehienbat hainbat eratako mendekotasunak edo buruko gaitzak dituen jendea izaten da».

Iruñeko San Femin aterpetxea Caritasek kudeatzen du, eta etxerik ez duten pertsonak hartzen dituen zentroetako bat da. Uztailean izan ezik, urte osoan irekita egoten da, egun osoan zehar.

«Lana aurkitzeko laguntza»

Denera 42 pertsonentzat lekua dute, eta bakoitzak gehienez bost egun pasa ditzake aterpetxean. Gainera, bertan dauden bitartean hainbat tailerretan parte hartu beharra izaten dute. Idoia Elia zentroko zuzendariak dioenez, «badira lan bila dabiltzan pertsonak eta horiei laguntzeko argibideak ematen ditugu».

Batez besteko adina 50 urtekoa da zentro honetan, baina, «izan dugu 18 edo 80 urteko jendea ere», azaldu du Eliak. Bertaratzen den jende kopuruari dagokionez, aldakorra dela nabarmendu du: «Nekazaritza edo eraikuntzako lan egoeraren arabera, jende gehiago edo gutxiago etortzen da».

Aterpetxean, orotara, 10 langile eta 50 boluntariok egiten dute lan, eta guztien artean jangela, garbiketa eta podologia zerbitzua eskaintzen diete, besteak beste, bertaratzen diren lagunei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo