Zuri-gorriek Riazorren jokatuko dute
Bat-bateko eztidura bolada bilakatzeko lehen urratsa
Athletic etxetik kanpoko lehen garaipena lortzen saiatuko da jaitsiera postuetatik ateratzeko beharrezko boladari hasiera emateko
Amaia U. LASAGABASTER | BILBO
Asteroko eta ezinbesteko helburua izan arren, garaipenak ez du gehiegirako balio 38 jardunaldiko denboraldi baten bakarrik heltzen bada.
Athletic bera eredu garbia izan daiteke. Zuri-gorriek jakin badakite irabaztea zer den, baina hamaika astetan bi garaipen bakarrik lortuz gero, sailkapenari jaitsiera postuetatik begiratu beharrean izaten da bat. Hori dela eta, Osasunaren aurka lortutako hiru puntuak, bat-bateko eztidura, tirita bat, besterik ez dira momentuz; Athleticek aurreko asteko garaipena zulotik irtetea ahalbidetuko dion bolada bilakatzea nahi baldin badu, lehen urratsa eman beharko du gaur derbiko garaipenari jarraikortasuna emanez.
Erronka bikoitza dute bilbotarrek bide luze horren hasieran; izan ere, denboraldia hasi zenetik ez dute lortu ez bi garaipen lotzerik ez etxetik kanpo irabazterik. Gaur helburua lortuz gero, saria ere bikoitza izan daiteke: hainbeste jipoi jasotako morala ederki haziko litzateke eta, are garrantzitsuagoa, gainontzeko emaitzek lagunduz gero, jardunaldia jaitsieratik kanpo amaitzeko aukera izango du taldeak.
Osasunaren aurka lortutako emaitzari jarraikortasuna emateko, San Mamesen aritutako hamaikakoari ere jarraikortasuna emango dio gaur Joaquin Caparrosek. Hala ere, aldaketak ere derrigorrez egin behar izan ditu entrenatzaileak bai deialdian bai hasieratik zelairatuko duen taldean. Horren erakusle, Amorebietak min hartuta dagoen Ustaritzen lekua hartuko du berriz ere defentsaren erdialdean.
Abadiñarrarekin batera, Fran Yestek ere etxean geratu behar izan du. Izan ere, ezker hankan duen gainkarga dela-eta, Yestek ez zuen atzoko lan saioan parte hartzerik izan. Joseba Del Olmok hartu du basauriarraren lekua espedizioan.
Ez dago aldaketarik, berriz, bilbotarren helburuari dagokionez. «Dinamika txar batean sartuz gero, garrantzitsuena dinamika hori apurtzea da -onartu du Joaquin Caparrosek-. Hori lortu dugu eta ea orain bide berri bati ekiten diogun; alde batetik behartuta gaudelako eta bestetik hain berdinduta dagoen liga batean sei punturekin sekulako saltoa eman daitekeelako».
Hori lortzeko, etxetik kanpoko ibilbide txarra kontutan hartuta, ezinbestekoa izango da, Caparrosen ustez, «zenbaki orekatuagoak izatea. Etxetik kanpo gol asko sartzen ari gara, baina, jaso ere, asko jaso ditugu. Horrenbestez, oreka handiagoa izan behar dugu».
Hain zuzen ere, Deportivoko entrenatzailearen kezka nagusia Athleticeko erasoko jokoa da. Edo, hobe esanda, Fernando Llorente aurrelaria, batez ere Loporen hutsunearekin Deportivoren defentsak zentimetroak galdu dituelako. Lotinak, gainera, Athleticek «ez sufritzeko moduko taldea» duela uste du, «gaizki hasi diren arren». Osasunaren aurkako garaipenaren ostean Athletic moralez gainezka izango dela ere uste du.