«Euskaraz bai» leloa ska doinuekin aldarrikatuko du Kontseiluak Barakaldon
Kontseiluak heldu den abenduaren 13an BECen eginen duen ekitaldiak doinu berezia izanen du: «Pauso bat harago» abestia. Kantaren bidez, euskararen alde konpromisoak hartzeko premia aldarrikatuko dute.
GARA |
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak «Pauso bat harago» izeneko abestia aurkeztu du. Heldu den abenduaren 13an Barakaldoko BEC erakustazokan eginen duten hamargarren urteurreneko ekitaldia girotzeaz gain, hizkuntzaren normalizazioaren bidean konpromisoak hartu eta `Euskaraz bai' erranez aitzinera jotzeko beharra nabarmenduko dute kantu horrekin.
«Bide luzea egin dugu euskararen alde. Oraindik, asko dago egiteko. Euskaraz bizi ahal izatea lortuko dugu. Euskarari bai esatetik, euskaraz bai oihukatu. Sofatik altxa eta jarri martxan», azaldu dute. «Euskal Herri euskaldunerako bidean, eman dezagun pauso bat harago» esanez hasten da kantua, eta, ondotik, «Euskaraz bai» eta «Pauso bat harago» leloak adi daitezke behin eta berriz. Madness ska talde britainiarraren «One step beyond» abestiaren bertsioa da eta haren estiloari segitzen dio.
Hamargarren urteurrena ospatzeaz aparte, Kontseiluak datozen urteotan egin beharreko ibilbidearen berri emanen du Bizkaia Arena aretoan. Horretarako, herritar guztiak gonbidatu ditu bertara, 18.00etan hasiko den ekitaldira. Doan izanen den arren, ezinbertzekoa da aldez aurretik sarrera eskuratzea, 902 82 02 40 telefono zenbakira deituta edota www.nierebanoa.com webgunean fitxa bat beteta. Web orrialde horretan «Pauso bat harago» kanpainaren euskarriak ere lor daitezke: kanta, flash animazioa, Kontseilua Telebistako bideoak, ekitaldia iragartzeko bannerra, eskuorria eta kartela PDF formatuan.
%100ean euskaraz bizitzeko
BECeko ekitaldiaren aurkezpenean, Koldo Tellitu Kontseiluko lehendakariak testuinguruaren berri eman zuen. Ospakizuna baino gehiago izanen dela azpimarratu nahi izan zuen, bertze salto bat egiteko asmoa baitute: «%100ean euskaraz bizi ahal izatea lortu nahi badugu, behar-beharrezko den jauzia, alegia». Hortaz, Barakaldoko ekintza mugarria izatea nahi dute, «Bai euskarari» erratetik «Euskaraz bai» egitera pasatzeko garaia dela pentsatzen dutelako.
Urrats horretan herritarren laguntza nahi dute: «Euskararen alde egotea ez da nahikoa. Konpromisoak hartzea behar-beharrezkoa da, norbanakoen konpromisoa, soziala nahiz politikoa». Abiatuko duten aroan, argi dute euskararen berreskurapen prozesua indartu eta areagotzea nahitaezkoa dela, orain arteko bilakaerarekin jarraituz gero, normalizaziora ailegatzeko «mendeak» beharko ditugulako. «Bi hizkuntza dituen komunitate batean guztien eskubideak ziurtatzeko ezinbestekoa da biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzea», ohartarazi dute Kontseiluko bozeramaileek.