GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irlandatik Marokora arte, kostaldeko arriskuen bilgune izango da Biarritz

Biarritzeko Itsas Museoak kostaldeko arriskuen informazioa biltzeko zentro europarra izateko izendapena lortu du. Horrenbestez, Irlandatik Marokora arte hainbat laborategitan itsas arriskuei buruz egiten diren ikerketen gaineko informazioa jaso eta kudeatuko du.

Ainize BUTRON |

Kostaldeko arriskuen gaineko informazioa biltzeko zentro europarra izateko CERCO izendapena lortu berri du Biarritzeko Itsas Museoak. Klimaren bilakaera eta kostaldeen erosioa aztertzea, arriskuak zein izan daitezken hobekiago ezagutzea edo lurrikara edo tsunamiak aurreikustea izango dira, besteak beste, zentro horrek izango dituen egitekoak.

Françoise Pautrizel Itsas Museoko zuzendariak aurrerantzean izango duten zeregina azaldu du: «Europa osoan Arriskuen Europa Akordioa deitutako egitura dago, eta Biarritzen sortu den datuak biltzeko zentroa egitura horren barnean izango da. Ez da Biarritzen ikerkuntza laborategirik sortuko; gure lana datuak bildu eta laborategi ezberdinak koordinatzea izango da». Horrenbestez, Irlandatik Marokora artean Atlantikoko itsas bazterrari buruz egiten diren ikerkuntza guztiak bateratuko dituzte Biarritzen.

«Herritarren %75 itsas bazterrean bizi da gaur egun. Horrek arriskuak areagotzen ditu. Gure lana biztanle kopuru horren kokapenaren aitzinean egiten diren antolaketak mugatzea eta arriskuez informatzea izango da. Kostaldearen sistema hobekiago ezagutzeak arriskuei aurre egiteko erraztasunak ematen ditu», gaineratu zuen.

Elkarrekin lan eginez gerta daitezkeen arazo sismikoei, klima aldaketari edo erosioari hobekiago aurre egiteko aukera dagoela nabarmendu zuen Itsas Museoko zuzendariak. Ildo horretan, kontuan izan behar da Irlandatik Marokora arte ikerketa laborategi asko izan arren, orain arte ez zegoela informazio guztia bateratzeko gunerik. «Garrantzitsua da ikerlarientzat horrelako gune bat izatea. Sarean lan eginez bakoitzak egiten dituen lan edo azterketak ezagutzeko erraztasun gehiago dituzte ikerlariek, eta, beraz, ikerketak sakondu ditzakete», argitu zuen Pautrizelek.

Informazio bilketa lan hori egiteko orduan, Itsas Museoa Bordale eta Angelun dauden ikerketa guneekin elkarlanean ariko da. «Itsas Museoari ikerkuntza sailean dimentsio handiagoa ematen dio izendapenak. Informazio bilketa hori guztia egin orduko, gure lana herritarrak eta agintariak informatzea izango da», gehitu zuen Pautrizelek.

Orain aste batzuk izenpetu zen Turkian Miarritzeko Itsas Museoa Europako kostaldeko arriskuen zentroa izendatzeko hitzarmena. Zentroa Centre de la mer (Itsasoaren zentroa) elkartearen bidez sortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo