GARA > Idatzia > > Kultura

Lekeitiok amaiera borobila eman dio Euskal Zine eta Bideo Bilerari

Bukaera eman zitzaion atzo gauean Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bilerako XXXI. edizioari. Euskal Herrian euskaraz ospatzen den zinemaldi bakarra da honakoa eta, urtero legez, parte hartze handia lortu du herrian; egunero 300 bat lagun batu dira. Orotara, euskaraz ekoitzitako eta gai libreko 36 pelikula aurkeztu dira lehiaketara. Azkue kultur etxea eta zinema aretoa euskal zinemagintzako gotorleku izan dira bost egunetan zehar.

p048_f01_097x148.jpg

Ianire RENOBALES | LEKEITIO

Atzo amaitu zen XXXI. Euskal Zine eta Bideo Bilera Lekeition. Urtero legez, ikusleen gustuak asetzeko lanak proiektatu dituzte hilak 18tik 22ra herriko zineman eta Azkue kultur etxean.

Une latzak bizi izan ditu aurten zinemaldiak. Otsailean antolakuntza taldearen desegitea iragarri zuten ohiko antolatzaileek, eta, ondorioz, Udalak laguntzea erabaki zuen. Jose Maria Cazalis Lekeitioko alkateak nabarmendu duenez, «ezin genion desagertzen utzi Euskal Herrian euskaraz ospatzen den zinemaldi bakarrari». 1978an jaio zen ekimena, baina hasierako helburuak indarrean dirau: euskarazko ikus-entzunezko pelikulak jendearen aurrera atera eta hedatzea. Hogeita hamaika urte hauetan, teknologiaren erritmora mugitu dira lekeitiarrak. Hasiera batean, ez zegoen euskarazko telebistarik, ezta film sorkuntzarik ere. Garai hartan «8» eta «super 8» formatuko lanak erakusten zituzten eta denbora igaro ahala, lehiaketari bide eman zioten, lehendabizi VHS sistemaren bidez eta orain DVD formatuarekin. Geroari begira, euskarri sendo bat lortu nahi dute Interneten lanak eskegi eta denon eskura egoteko.

Hogeita hamasei lan lehian

«Zoritxarrez familia txiki bat gara euskaraz mugitzen garenak», nabarmendu du Joseba Andoni Zuberogoitia zinemaldiko antolatzaileak. Hala, ohikoa da autoreak errepikatzea eta behin baino gehiagotan parte hartzea. Aurten, hogeita hamasei zuzendari batu dira Lekeitioko zinemaldian; hamazortzi bizkaitar, hamalau gipuzkoar, bi nafar, arabar bat eta Ipar Euskal Herriko beste bat. Gehienak gizonezkoak izan dira, nahiz eta emakumeen presentzia ere nabaria izan. Parte hartzaileen adinari erreparatuz, 25 eta 30 urte bitartean dituzte gehienek; hala ere, ez dago adin mugarik.

Onartzen duten hizkuntza bakarra euskara da. Hala, filma euskaraz ez badago, azpitituluak gutxienez euskaraz izan behar dira. Gaia, aldiz, librea da. Iraupenari dagokionez, gehienez 30 minutuko lanak aurkez daitezke; film luzeagoak aurkezten badira, lehiaketaz kanpoko atalean sartzen dituzte.

Alor honetan euskal merkatuak bizi duen egoeragatik galdetuta, hurrengoa esan dio Zuberogoitiak GARAri: «Zaila da egoera definitzea. Orain dela 31 urte ez zegoen euskarazko ekoizpenik, baina egun ere merkatua landu gabe dago oraindik». Jarraipen eza ere aipatu zuen, baina jaialdi honek egiten duen lan garrantzitsua ahaztu gabe; «atetxoa gara mundu honetan sartu nahi duenarentzat». Aitzol Aramaio edo Juanma Bajo Ulloak, adibidez, Lekeitioko Zine Bilera honetan parte hartu izan dute. Herriari begira, «betidanik izan dira zinemazaleak» eta, horren erakusle, egunero 200 eta 300 lagun artean batu dituzte doako ekimen honetan. Aretoa beteta egon da bost egunetan eta balorazioa «positiboa» izan da. Jaialdiari itxiera borobila emateko urtero ekitaldi bat prestatzen dute. Aurten, Marlena Smalls & The Hallellujah Singers taldeak gospel korua eskaini zuen agurra emateko.

«Itxurbaltxa» lanak jaso du aurtengo sari nagusia

Guztira, hamahiru sari banatzen dira Lekeitioko Euskal Zine eta Bideo Bileran. Multzo bi izaten dira urtero, amateurrak eta profesionalak, eta sei sari ematen dira kategoria bakoitzean. Orotara, sei Zilarrezko Antzarra eta beste sei Brontzeko Antzarra ematen dituzte. Sari horien guztien artean epaimahaiak onena hautatzen du eta horrek Urrezko Antzarra jasotzen du.

Lanak sailkatzeko orduan honako banaketa egin ohi dute: dokumentalak, sormenezkoak eta argumentuzkoak. Aurtengo irabazle profesionalak honakoak izan dira: dokumentalen atalean lehenengo saria «Psicobloc: ur sakonetako bakardadea» filmak irabazi du eta bigarrena «Erraietan» lanak; argumentuzko filmen sailean lehen saria hutsik geratu da eta bigarrena «Pin, pan, pun» lanak eskuratu du; sortzaileen kategorian ere lehen saria hutsik geratu da eta bigarrena «Express bahiketa» filmarentzat izan da. Amateur kategorian, berriz, «Nun» eta «Astoaren bluesa» izan dira sarituak dokumentalen arloan. Argumentuzko filmen artean, «Xabiertxo» eta «Andarika, kilker eta emakumeei buruzko gogoetak» nagusitu dira. Sortzaileen atalean, ostera, «Itxurbaltxa» eta «Itzalitako telebista». Bestalde, Urrezko Antzarra «Itxurbaltxa» lanak eskuratu du.

Luzera dela-eta, bi film geratu dira aurtengoan lehiaketaz kanpo: «Agurea eta balea» eta «Keep the spirit alive». Horiek, urtero lez, jaialdiko lehen egunean proiektatu zituzten. Epaimahaia Edu Oregi, Aitor Aranguren, Kontxa Elortza eta Arantza Lauzirikak osatu dute. I. R.

ARRAKASTA

Egunero 200 eta 300 lagun artean bildu dituzte Lekeitioko zineman. Euskaraz eta Euskal Herrian egindako 36 lan aurkeztu dira orotara eta harrera oso ona izan dute ikusleen artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo