Kopa Lapurtarren arteko derbia
Poueysek luzapenaren amaieran lortutako golak eman dio Avironi hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela
Jon LEUNDA | ANGELU
Avironek geroz eta gertuago du Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera. Beste kanporaketa bat gainditu eta aukera hori izango dute; N1 Mailari eustearekin batera, horixe da, gainera, zuri-urdinen helburua.
Atzoko derbia oso kaskarra izan zen, nahiz eta gauza asko gertatu ziren. Azkenean, Pouysek erabaki zuen, luzapena amaitzeko lau minutu besterik geratzen ez zirenean. Neurketaren hasiera oso arraroa izan zen, etxeko taldea bat gutxiagorekin geratu baitzen hirugarren minutuan. Labordek sarrera gogorra egin zion Seydouri, txartel hori batekin konpontzeko modukoa, baina epaileak txartel gorria erakutsi zion eta ia partida osoa bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuten etxekoek.
Neurketa Avironek kontrolatu zuen. Hala ere, kontraeraso batean, Bouetek penaltia egin zion Barsacqi; aldiz, Sabathierren jaurtiketa baionarren atezainak geratu zuen, eta atsedenera markagailua mugitu gabe joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian Aviron erabat nagusitu zen, baina Genets ederki defendatu zen eta aurkariari ez zion ia aukerarik sortzen utzi. Horrenbestez, luzapena jokatu behar izan zuten. Denbora gehigarriko lehen zatian, Gironek aukera bikaina izan zuen baina bere jaurtiketa zutoinera joan zen. Azkenean, kanporaketa penaltietan erabaki behar zela zirudienean, Pouyesek ederki aprobetxatu zuen Cherreau atezainaren aldaratze bat gola sartzeko; bide batez, baionarrei hurrengo kanporaketarako txartela eman zien.