Mundu osotik heldutako trikiti doinuek Victoria Eugenia antzokia bete dute
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Atzo ospatutako zazpigarren Nazioarteko Trikitixa Jaialdiak jende andana bildu zuen Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Bertako eta kanpoko doinuak uztartu zituzten sei talde ezberdinek.
Galiziako Pandeiro Furado taldeak eman zion hasiera emanaldiari. Laukote honek euren herrialdeko muñeirak eta jotak eskaini zituen, kantu, pandero, perkusio eta gaitaz lagunduta. Ondoren, Arratiako eta Gorbeialdeko doinuen txanda izan zen Igorreko Arantzarte dantza taldearen eskutik. Italia hegoaldeko Menta Fresca Danzak, Campania eta Puglia eskualdeetako tarantela eta tammurriatak ezagutzeko aukera eman zuen. Berriz ere Euskal Herrira salto egin eta jaialdirako sortutako Gipuzkoako Sasi Dantza taldeak, garai batean mandio eta ganbaratan ezkutuan egiten ziren erromerietako fandangoen erakustaldia egin zuen.
Dantzan jarraituz, Irlandako Spraoi taldeak, herrialde honetako errepertorio zabalarekin gozarazi zuen antzokian gero eta animatuagoa zegoen publikoa. Taldekide guztiek musika instrumentu ugari menperatzeaz gain, dantzari trebeak ere badirela erakutsi zuten. Jaialdiari amaiera emateko, Iparraldeko hamabost gazte inguruk osatzen duten Zpeiz Mukaki taldea taularatu zen euren proposamen berritzailearekin: euskal dantza tradizionalak 80ko eta 90eko hamarkadetako musikarekin uztartu zituzten gauari amaiera emateko.