Gasteizko Ganberak Udalbiltzaren aldeko ekimena eztabaidatuko du
Ezker Abertzaleak, EAk eta Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu dute Gasteizko Parlamentuan Udalbiltzaren kontrako auziaren harira. Besteren artean, instituzio nazionalaren helburuak beharrezko eta zilegi direla aldarrikatzen dute, eta Legebiltzarrari eskatzen diote auzibide hau Nazio Batuetan eta Europako instituzioetan salatu dezala, eta antolatzen diren mobilizazioak babestu ditzala.
Iker BIZKARGUENAGA |
Udalbiltzako hainbat ordezkari Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean izan ziren azaroaren 20an, instituzio nazionalaren kontra Auzitegi Nazional espainolak abiatutako sumarioaren eta hastear dagoen epaiketaren berri emateko. Besteren artean, Loren Arkotxa, Maribi Ugarteburu eta Xabier Iragorri izan ziren Ganberan, hirurak auzipetuak, beste hemeretzi kiderekin batera. Guztientzat, hamar eta hogeita hiru urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen du Fiskaltzak, Jone Goirizelaia abokatuak batzorde horretan azaldu zuen eran.
Honen harira, Ezker Abertzaleak, EAk eta Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarreko Mahaian, Osoko Bilkuran eztabaidatua eta onartua izan dadin. Udalbiltzako kideek plazaratutako eskaerak agertzen dira testu horretan.
Bertan, legez besteko proposamen horren arrazoiak azaltzeko atalean, hiru talde hauek gogorarazten dutenez, «lurralde eta sentsibilitate guztietako milaka hautetsiren babesa jaso zuen ekimen instituzional hau, 2003. urteaz geroztik judizialki eta polizialki jazarria izan da». Idazkiak jarraian dioenez, «Estatu espainolak, Euskal Herriak bere buruari ordezkaritza instituzional demokratikoa eman diezaion eragotzi nahi du», eta adierazten dute argi dagoela «epaiketa politikoa» dela.
«Beharrezkoa eta zilegia»
Ezker Abertzalearen, EAren eta Aralarren egitasmoak sei puntu ditu. Lehenak eskatzen du Legebiltzarrak aldarrikatu dezala «1999ko irailean Euskalduna jauregian egindako batzar sortzailean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela, eta ezin dela delitutzat jo». Idazkiak honakoa ere gaineratzen du: «Helburu eta lan-ildo horietan aurrera egiteagatik hautetsi eta alkateak kriminalizatzea demokraziaren aurkako ekimena da, are gehiago kontuan hartuta epaituak sufragio unibertsalez aukeratutako herri ordezkariak direla» .
Bigarren puntuan, Ganberari galdegiten diote konpromisoa har dezala «edozein arlo instituzionaletan demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko».
Hirugarren puntuan hauxe diote: «Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurka Madrileko Auzitegi Nazionala egiten ari den auzibidea irmoki salatzea, eta Estatuko Gobernuari eskatzea Estatuko fiskal nagusiak gaur egun bultzatzen duen akusazio publikoa erretira dezala». Horrekin batera, eta laugarrenik, Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurkako sumarioa «Nazio Batuetan eta Europako instituzioetan» salatzea nahi dute, «elkartzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna urratzeaz gain, nazioarteko hainbat itun eta ebazpenen aurkakoa delako».
Bosgarren puntuan, Legebiltzarrari eskatzen diote auzi honen inguruan, aipatutako eskubide zibil eta politikoak, eta herri-eskubideak defendatzeko, eta, hala, «antolatzen diren mobilizazio baketsuak babesteko».
Azkenik, «epaiketa gertatuko balitz», jarraipena egiteko eta auzitegira ordezkaritza bidaltzeko eskatzen diote Ganberari.
Legez besteko proposamen horren bidez, Legebiltzarrari eskatzen diote, beste bost neurrirekin batera, epaiketaren jarraipena egiteko eta Auzitegi Nazionalera ordezkaritza bat bidaltzeko.