Argazki lehiaketa
Aketegi, neguko magia zuri-beltzean
Argazki horrekin, «Desnivel» argitaletxeak antolatutako nazioarteko argazki lehiaketa irabazi du Iosu Garaik. 600 argazkilarik parte hartu dute, eta legazpiarraren beraren «Midi» argazkia ere finalisten artean izan da.
Andoni ARABAOLAZA
Pozarren dago Iosu Garai. Eta ez da gutxiagorako. «Desnivel»ek eginiko deiari, nazioarteko argazki lehiaketari, baietz esan, eta berak aurkeztutako hamar argazkietatik bi izan dira onenen artean. Zehazki, bat gailendu egin da, «Aketegi», eta, bestea, «Midi», finalista geratu da. Aipatu behar da, gainera, Joseba Txomin Leturiaren «Freeride» argazkia ere finalista izan dela.
Sona handiko deialdira mundu osoko 600 irudi aurkeztu zituzten. Argazkilari batzuk profesionalak dira; beste batzuk, berriz, zaleak. Eta 600 horietatik bat, Euskal Herrian egina eta euskal argazkilari batek sinatua: «Aketegi». Eta bera, lehiaketaren zazpigarren aldiko irabazlea. Garaik argazki-oin onekin bidali zuen: «Aizkorriko mendizerran egina da. Nahiz eta garaiera handiko mendia ez izan -1.500 metro inguru-, neguak nahiko hotzak eta gogorrak izaten dira. Eta elurte ederra botatzen badu, iaz gertatu bezala, neguko jarduerak egiteko oso inguru aproposa da. 2.007ko urtarrilaren 27an atera nuen. Giro makurra, haize bolada gogorrak; horietako batzuk gailurraren inguruan behin baino gehiagotan lurrera bota ziguten. Ekaitz arriskuak eta urdin gune batzuek argazkia osatzen lagundu zidaten. Kontrapikatu bat da, eguzkia atzean dudala».
Hori argazkilari legazpiarraren aurkezpena; lehiaketako epaimahairen erabakia, aldiz, honakoa: «Zuri-beltzaren erabilerari esker, Iosuk alpinismoaren une bikainak eta garaieran diren bakardade uneak oroitarazten ditu. Bestalde, oso argi iradokitzailea erabili du, eta aipatutako guztiari esker, Aketegi argazkiak irabazi du».
Artisauen lana
GARAri azaldu dion bezala, Garaik oso ondo gogoratzen du «Aketegi» irudia atera zuen eguna: «Nik nabarmendu nahi nuke argazkia gure mendietan eginda dagoela. Eguna halakoxea zen; gogorra. Zortea izan ote dudan? Nik erantzuten dut, giro petral hartan egon egin behar zela bertan! Neguko egun gaiztoa zen, eta une batzuetan agertu zen argi bereziak aprobetxatu nituen. Argazki batzuk atera nituen, eta orduan, jakina, ez nintzen ohartu oso irudi politak atera nituela. Behin etxean, ordenagailura jaitsi, gorpuztu, zuri-beltzera pasa...».
Nahiz eta argazkian Aketegi mendia ez azaldu, argazkilari legazpiarrak haren izenburuarekin aurkeztu zuen: «Aizkorri mendizerra neguaren jantziarekin bisitatzen dugunean, oso une zirraragarriak eskaintzen dizkigu. Mendi horietan erabat gozatzen dugu, eta, lasai asko esan dezaket, ez didala inolako inbidiarik ematen urruneko beste mendi batzuetara joateak. Neguko giroan, eskia, alpinismoa... egin ditzakegu. Argazkian ez da Aketegi mendia azaltzen; ez horixe, baina esanahi berezia du. Irudian ezkerretara dagoen mendia Arbelaitz da».
Himalaia, Patagonia, Alpeak... mendilerro horietatik guztietatik urrun dago Aizkorrikoa, eta horregatik, etxeko mendietan ateratako argazki batek irabazteak duen garrantzia nabarmendu du Garaik: «Etxeko atea zabaldu eta oso mendi ederrak bertan ditugu. Aitortu behar dizut poz handia, satisfazio handia, eman didala. Gure mendietan oso irudi onak atera daitezke».
Arestian aurreratu dugun bezala, «Aketegi» argazkia koloreetan atera bazuen ere, zuri-beltzean aurkeztu zuen gero. Egia da zuri-beltzezko irudietarako joera dagoela azkenaldian; ez bakarrik hemen. Nazioarteko lehiaketa esanguratsuenetan asko eta askotan dira zuri-beltzezko irudiak irabazle. «Desnivel»eko lehiaketan ere irabazleen zein finalisten artean badira kolorea alde batera utzi dutenak. Horrek, jakina, ordenagailuaren aurreko lana eskatzen du: «Zuri-beltzezko argazkiak puri-purian dira. Garai batean, laborategian sartu eta han lantzen genituen ateratako argazkiak. Egun, berriz, lan hori ordenagailuan egiten dugu. Artisau lana da, argazkia asko landu behar baituzu».
Bestalde, lehiaketa batzuk irabazi dituen arren, Garaik argi du «Desnivel»eko saria bere ibilbideko garrantzitsuena dela: «Bai Estatuan bai Europan lehiaketa honek sona handia dauka. Beraz, dudan afizio-bizio honetan horrelako sari bat irabazteak erabat bete nau».