GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Euskal Herria marka

Aste honetan bertan, «Prud' hommes» hauteskundeak izanen ditugu. Aldi honetan ere, LAB borrokatu da langileen eskubideen defenditzeko, denek eskubidea ukan dezagun hauteskunde horietan parte hartzeko

Kalean hiltzen zen jendea aipatzen zelarik, herri pobreak heldu ziren gogora. Berlingo hormaren erortzearen ondotik eta Ekialdeko herrietan gertatutako aldaketen ondotik erakusten ziguten jendea benetako miserian eroria zela eta karriketan jendea hiltzen zela.

Aste honetan Estatu frantseseko elkarteek zioten karriketan hil diren pertsonak urtebetean ehun baino gehiago izan direla. Duela urte gutxi, udan, beroarengatik hamar mila pertsona baino gehiago hil zen Estatu frantsesean, botere publikoek eta gizarte honek ez bai- tzien ahulenei gutxieneko babesik eskaini.

Egun hauetan, sei pertsona hil dira, horiek hotzarengatik. Baina nork manatzen duen erakusteko, etxebizitzen eskasia salatzeko banku baten aurrean kanpaldia antolatu zuen elkartea salatu dute eta hogeita hamar mila euroko isuna ordaintzera zigortu dute. Miseria ez baita salatu behar. Marketinaren aldetik, miseriaren gordetzea hobe da. Eta Sarkozyk ka- le garbiaren marketina hautatua du.

Marketina aipatu dute gu- rean ere Garapen Kontseilutik, marka berria bultzatu nahi dela eta. Izan ere, «Made in Pays Basque» marka ezagutarazteko nahikeria erakutsi dute, hemengo ekoizpenen hedatzeko. Baionako Merkataritza Ganberaren gidaritza Bordeleren esku geldituko delarik, Pays Basque delakoari hedapena eman nahi zaio. Oso zaila dirudi ekonomian ari direnentzat lurralde honen benetako nortasuna itzultzea eta Euskal Herria markaren inguruan indarrak metatzea. France marka mundu osoan ezagun egin da, proiektu bakar bat finkatzen balitz askoz eta eraginkorragoak ginateke, bai gure ekonomiaren ezagutarazteko, bai gure lurraldearen defenditzeko. Krisia dela eta...

Krisiaren aipamena aldatu da; izan ere, bankuen laguntzan egiten dutena ez da gehiago aipatzen. Baina dagoeneko lanpostu murrizteak egiten dituzte, aukera paregabea baita krisia jendearen kanporatzeko, familien zailtasun ekonomikoak larrituz. Lan mundua oso hunkitua izanen da eta lanpostu kopurua nahiko eskasa duen gure eremu honetan edozein aldaketa sentituko da. Hortaz, langileen antolaketa eta erreakzioa baitezpadakoa izanen da.

Aste honetan bertan, Prud' hommes hauteskundeak izanen ditugu. Ordura arte, eta nahiz eta egitura txikia eta baztertua izan, LAB sindikatuak hautetsia lortua zuen. Aldi honetan ere, LAB borrokatu da langileen eskubideen defenditzeko, denek eskubidea ukan dezagun hauteskunde horietan parte hartzeko. Zenbait urrats egin behar izan ditu epaitegietan. Hauteskunde horiek oso inportanteak dira langileen defenditzeko eta LAB gisa hautetsien lortzeko. Frantses sindikatuek uler dezaten Euskal Herria marka duen sindikatua erabakigarria dela Euskal Herrian bizi diren langileen defentsan, eta horretan, nahiz eta baztertua izan, jarraituko duela. Denak bozkatzera!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo