Ixabel Etxeberria Irakaslea Lander Garro Idazlea
Azaroak 25, politikarien eguna
Emakumea duintasuna erantzita larrugorritan etenik gabe saltzen duen sistema batean bizi gara, gaur, azaroak 25 dituen egun honetan, eta hala segituko dugu bihar... agintariek hala erabakita
Gaur, hau idazten ari naizen egun triste honetan, emakumeenganako bortxakeriaren kontrako eguna izan dugu. Idatzita ikusteak berak ematen digu agintariek eraiki duten munduaren isla zehatza. Izan ere, mp3-a belarrian bizikletan ibiltzea zigortzen duen gizarte paternalista eta polizial honetan, dena da agintearen ondorio. Gaur goizean bertan ertzain batek bidean gelditu nau, biribilgune baten erdian: «Jar itzazu argiak, mesedez», agindu dit. Argiak jarri eta aurrera jarraitu dut. Eskerrak ez didan gogorarazi eskuak erlojuko orratzek 10:10 markatzen duteneko tankeran eraman behar ditudana. Zerk egiten die ihes? Zein unetan gaude euren atzaparretatik libre? Inoiz ez.
Egunotan politikariak zirkuan ikusi ditugu, sudur gorri eta guzti, emakumeenganako bortxak sortzen dien higuinaz mintzatuz. Kartelak jarri dituzte han eta hemen, hitzaldiak eman dituzte... Agenda lepo izan dute. Oso gauza deigarria da agintariak gizartea ordezkatzeko egin duten ahalegina ikustea: gu gara agintariak, eta gu gara agintarien aurrean hau edo hura aldarrikatzen dugunok ere. Zezenik gabeko zezen plaza baten moduko joko ziztrina da: toreroak hesiaren alde bietan, elkarri txaloka eginez.
Emakumeak etxean ezkutatu eta euren ahotsa play-back doinuz ahoskatu dute gorbatadunek. Hamaika ekitaldi izan da euren izenean, eta denetan azaldu dira politikariak, kameren aurrean barrez eta alai, ahoa bete hitz eder. Errege Magoen desfileetan botatzen dituzten gozokiekin haurrak zoratzen diren bezala zoratzen dira politikariak kazetariak agertzen direnean: bozak, bozak, bozak!
Baina politikariak eurak dira gizarte honetan dauden gaixotasunen erantzuleak. Herritarron izateko moduaren erantzule nagusiak. Zebrabidea behar ez bezala gurutzatzea zigortzen duen aginte batek, izan ere, mekanismoak soberan ditu emakumeenganako errespetu falta behar bezala zigortzeko. Bistako bortxakeria jazartzeko, eta bai ezkutua ere, sistematikoki gertatzen den bortxakeria arin eta fin hori, euri langarrak bezala hezurretaraino bustitzen duen hori, Emakunderi asko gustatzen zaion metafora erabiltzen uzten badidazue. Hain zuzen, bata bestearen ondorio baita: gizonezkook inguruan ikusi eta ikasi dugun gizonkeriaren ondorio. Haxix gramo ziztrin batzuk trafikatzeagatik gazte asko dago kartzelan; zenbat enpresari dago preso emakumeei gizonak adinako lana eginda erdia ordaintzeagatik? Zenbat enpresari izan da ikertua haurdun dauden emakumeei kontratua eteteagatik?
Jar ezazu telebista bost minutuz, eta sexurako objektu huts diren emakumeez hordituko zara: noren ardura da hori? Emakumea duintasuna erantzita larrugorritan etenik gabe saltzen duen sistema batean bizi gara, gaur, azaroak 25 dituen egun honetan, eta hala segituko dugu bihar... agintariek hala erabakita. Markesinatan, aldizkaritan, autobusetan, trenetan, kalean nonahi: denetan ageri dira emakumeak, emakume ederrak, eder izateko beste zereginik (eta beste ahalmenik) ez duten emakumeak, gauzak saltzea beste funtziorik ez duten emakumeak: nortasunik gabeko emakumeak.
Aurrezki kutxek, auto markek, erakundeek, izozkiek, erlojuek, eta, jakina, alderdi politikoek: den-denek erabiltzen dituzte gure begi-ninietan betikotuta geratzen diren emakume gazte eta lirainen irudiak. Salerosketa (mozkinen bilaketa nekaezina) da gizarte honetako dogma, dogma bakarra, eta horren alde edozer erabil daiteke, horren ondorioak mingarriak izan arren eta, askotan, hilgarriak.
Sikiera halako egun batez etxean geratu izan balira, tira; baina ezin dute. Oholtzan marketin aholkulariek emandako trajea erakusteko premian dabiltza beti, mikrofonoa eskutan hartzeko eskukada dorpez borrokatzen dira, jendailaren aurrean amesten ez duten gizatasuna saltzeko. Egun aparta zen gaurkoa euren bulegoetan itxi eta arazo honi (eta beste askori) konponbidea aurkitzen saiatzeko, baina, beste behin, propagandaren hautua egin dute, arazoak betikotzeko biderik eraginkorrenarena, hain juxtu.