Euskara hutsezkoa, eta tokikoa eta globala den Goierri Irratiak saioak ere emango ditu aurrerantzean
Orain arte musika bakarrik emititu badute ere, gaurtik aurrera programazioari ekingo dio Goierri Irratiak. Mikel Alvarez, bertako arduradunak azaldu bezala, «bereiztea» da eskualdeko proiektu honen helburua.
Odeia AIESTARAN | ORDIZIA
Goierri Telebistatik sortutako Goierri Irratiak «poliki» ekingo dio programazioari gaurtik aurrera. Mikel Alvarez arduradunak azaldu bezala, «hasieran formatu klasikoko magazin bat eta pieza informatiboa» izango dira, orain arte emititu izan den musikaz gain.
107.0 frekuentzian, goizeko hamarretatik aurrera, «Egunon Goierri» izeneko saioa eskainiko dute eta iluntzeko zortzietatik aurrera, berriz, «Egunoff Goierri», aurrekoaren errepikapena izango dena. Tokiko telebistarekin lankidetzan, berriz, 5-10 minutuko albistegiak ere izango dira. Bertako kazetari taldearekin kolaborazioa ere izango da irratiaren gakoetako bat. Tarte hori egunean lauzpabost aldiz errepikatzeko asmoa dute.
Musikari dagokionez, irratian «modernitatea» nabarmenduko dela nabarmendu nahi izan du Alvarezek. Izan ere, bere esanetan, «badago musika mota bat soilik irrati mota batzuetan entzuten dena eta badago beste mota bat, jende askoren eskaera izan arren, inon entzuten ez dena». Horiek horrela izanik, musika alternatiboa emango dutela adierazi du, eta beste irratietan aukerarik ez duten taldeei ere egingo diete tokia, berak ziurtatu duenez.
Euskara, tokikotasuna eta globaltasuna izango dira irrati berri honen hiru zutabe nagusiak. Alvarezek esan duenez, «badirudi lokaltasuna eta globaltasuna borrokatuta daudela, baina ez da hala, posible da tokiko irrati global bat egitea, bai tonuan eta bai edukietan ere». Azken finean goierritarrei eskualdeko guztiaren berri ematea da asmoa.
Oraingoz esatari moduan Alvarez bera bakarrik dagoen arren, jendearen parte-hartzea bultzatu nahi dute irratikoek. Horretarako info@goierri-telebista.com helbidea jarri dute nahi duenaren eskura, «proposamenak jasotzea aberasgarria delako».
Etorkizunera begira, Goierri Irratirako ideia gehiago badituztela aitortu du Alvarezek, baina oraingoz «jendeak irratia gustura hartzea» lortzea dute helburu nagusi, eta horretarako, finean, «lan egitea» da errezeta. Horrez gain, Internetez emititzeko asmoa azaldu du. Hutsetik hasitako proiektu bat izateak, bestalde, Alvarez bera motibatu egiten duela aitortu du, «zaila izan arren, ilusioz hartzen dugu, aukera hori oso polita baita».
Goierri Irratia, eskualdeko telebistaren eskutik sortu zen. Hau, ekimen pribatutik abiatutako proiektua da, Goiherriko Ikuskari SL enpresatik. Goierriko hemezortzi udalen parte-hartzea ere badu.