«Torturaren kontrako guda irabazteko», Mikel Zabaltza gogoan izan dute Orbaizetan
Hotzak eta elurrak ez zituen orbaizetarrak kikildu eta urtero lez ekitaldi xumea eskaini zioten Mikel Zabaltza zenari. Orain arte bezala, torturaren inpunitateari bideak ixten jarraitu beharra dagoela esan zuten.
GARA |
Guardia Zibilek preso hartu, eta bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zenetik 23 urte luze igaro badira ere, Orbaizetako herriak ez du ahantzi Mikel Zabaltza zena eta urtero lez, garai honetan Pirinioetako herria astintzen duen elurrari eta hotzari aurre eginez, omenaldi xumea egin zioten atzo.
Euskal Herriko historian pasarte beltz bat baino gehiago idatzi du torturak eta horregatik Zabaltzarekin batera, Joxe Arregi, Gurutze Yantzi edota Xabier Kalparsoro izan zituzten gogoan ekitaldian, baita gaur egun atxilotu eta torturatuak izaten ari diren gazte euskaldunak ere.
Eguerdian Orbaizetako Arma Fabrikan egindako ekitaldian, historia irabazleek idazten dutela esan zuten eta hortaz, bertsio ofizialek tortura existitzen denik ere ez dutela onartzen salatu zuten.
Euskal Herrian ordea, «borrokatzen diren gizon eta emakumeak» ez direla ahaztuak adierazi zuten, eta, horregatik, etor- kizunean, «duintasunaren historia idatziko» dela baieztatu zuten Orbaitzetan.
Torturaren kontrako borroka «inpunitateari lekua irabazten» ari zaiola nabarmendu zuten eta NBEk Estatu espainolari jaurtitako kritikak aipatu zituzten horren lekuko. Bide horretan la- nean jarraitu beharra dagoela nabarmendu zuten, horrela idatziko baita «lerroz lerro ezkutatu nahi diguten historia».
«Horrela irabaziko dugu torturaren kontrako guda hau» berretsi zuen.