«Zientziak frogatu ezin duena ulertzeko artearen bideak behar dira»
«Izotzetik izanera» izenburua duen eleberria idatzi berri du Xabier Soubelet ziburutarrak. Euskararen iturburua irudikatzen du fikzioa erabiliz. Teoria linguistiko bat plazaratzen du Soubeletek, euskararen jatorria irudikatzeko beste hizkuntza bat ere asmatuz, aliziera. Zientzia eta poesia elkartzen dira liburuan, hizkuntzen iturburuaren zantzuak eleberri batean azaltzeko.
Idoia ERASO | BAIONA
«Horma bortitzak guritzen hasi ziren. Urtze berri haiek lurra urez bustitzen hasi ziren» hizkuntzari hasiera eman zion gertakaria hitz horiekin deskribatzen du Xabier Soubeletek bere eleberriaren lehen pasartean.
Zer da «Izotzetik izanera»?
«Izotzetik izanera» eleberri bat da eta horren bitartez teoria linguistiko bat mahai gainean jartzen dut. Euskararen jatorriari buruzko zantzu batzuk ematen ditut, euskararen iturburuaz.
Nola gauzatzen da hori?
Istorioa leize batean hasten da, gure arbasoekin, duela 16.000 urte. Denboraren joanean eguraldia aldatzen da eta han ziren hormak, izotzak, urtzen dira eta orduan leizean zuten bizia jasangaitza bilakatzen da. Ura gainetik eta azpitik etortzen zaie, eta urak egiten duen soinu hori, «iz» onomatopeia, harturik protagonistak flash bat dauka euskara sortzeko.
«Iz» horretatik euskara sortzen da. Leizea utzi, eta itsasora joaten dira ibaiak segituz. Ez dakigu zenbat denbora pasatzen den bidean hasi zirenetik bukaera arte, baina, azkenean, agertzen dena da «iz» horrekin eta inguruan agertzen diren frogapen guztiekin nola izan daitekeen egiazki euskara hortik etortzea.
Euskara gizakiaren lehen hizkuntza da, beraz.
Dudarik gabe Europan eta munduan izan den lehenbiziko hizkuntza da euskara. Behar bada izan daiteke beste hizkuntza batzuk bere parekoak izatea urrunago baina dudarik gabe lehen hizkuntzetarik bat da.
Eleberri honen bitartez populu bat erakusten da, lehenbizi leizean, eta ondoren kanpoan. Poliki, denboran zehar, beste populu batzuk eta beste onomatopeia batzuk elkartzen zaizkie eta poliki-poliki puzzle bat eginez euskara sortzen dute.
Hizkuntzaren sorreraren narrazioaren ondoren eleberriaren istorioa hasten da.
Bigarren partean, Aliz herria deitzen dena agertzen da. Gure mundua suntsitzen da ozono kapa hautsi delako, eta sute handiak daude. Egoera horretan salbatzen den bakarra gure protagonista da, ihes egiten du eta beste mundu batean agertzen da. Ez dakigu beste planeta bat den, beste lur edo eremu bat den. Herri horretan hizkuntza bat hitz egiten dute, alizia deitzen dena eta herri hori Aliz Herria deitzen da.
Aliziera euskararekin antza duen hizkuntza da.
Protagonistak berehala ikusten du haiek egiten duten hizkuntzak euskararen morfologia berdina daukala. Diferentzia da aliziarrek badakitela nondik etortzen zaien aliziera eta badakite «al» onomatopeiatik etortzen zaiela. «Al» horrek «sua» esan nahi du, suntsitze hori. Gure protagonistak profitatzen du jakituria hori lehenbizian agertzen den teoria frogatzeko.
Azkenean neska batekin maitemintzen da eta elkarrekin itzultzen dira bere misioa bete duelako, lortu du jakitea lehenbiziko teoriak ontzat hartzen ahal dituela. Mundu berri elebidun bat egiten dute, non euskara eta alizia batzen diren.
Zure liburuan linguistikaren alde zientifikoa eta zientzia fikzioa nahasten dituzu.
Zientzia fikzioa eta poetikaren aldetik gauzak ikusten dira. Nahi dudana erakutsi da, zientzia ez dela balio duen gauza bakarra. Ikuspegi poetiko eta artistikoek badute beste balio bat, eta horrelako gauzak asmatzeko, zientziak frogatu ezin duena erakusteko eta beste hipotesi bat ulertzeko, agian, artearen bideetatik pasatu behar da.
Poesia zientziaren parean jartzen duzu.
Azkenean hori da nolabait. Bada entsegu linguistikoa, bada eleberria. Nahikoa da esateaz zientzia dela gure munduan balio duen gauza serios bakarra. Beste ikuspegi batetik ere ikusten ahal da eta konpontzen ahal da.
Zure eleberria ez ote da teknikoegia?
Hizkuntza berriaren partea bai, baina hori hiztegiaren zatia da. Eleberriak baditu hainbeste joan-etorri, hainbeste gertaera, ez dela teoria linguistiko bat horrela jaurtia. Lehenbizikoa istorioa da.
Liburuaren azalean agertzen den irudia zuk egina da.
Ni margolaria naiz eta hau nire obra bat da. Zuriz dagoena ura da, lurra berdea da, zura marroiz dago eta gorriz dagoena atzean den harria da. Beraz, harria, ura, egurra eta lurra agertzen dira, eta gurutzaturik dagoen marrak horra joateko den zailtasuna irudikatzen du, hezi bat agertzen da.
Nola bururatu zitzaizun linguistika eta fikzioa elkartzen dituen liburua idazteko ideia?
Behin, orain dela 25 urte olerki bat egiten «bizil» hitza atera zitzaidan. Ikusiz bizia eta hilaren arteko korapiloa banaezinak direla, hitz batean gauza berdina gertatzen zen, «i» hori bien artean dago. «B» euskarazko aditzean inperatibo bat bezalakoa da eta «iz» hori hor dago. Euskaraz «iza» horrek «ura» izan nahi du. Badira oraindik hitzak jatorri hori dutenak: «izotz», «izurde» edo zuberotarrez «putzua» esan nahi duen «iztil», esaterako.
Hori ikusi behar da eta euskaraz funtsezko hitz askok oinarri hori dute, esaterako «izan», «bizi», «izen», «izar», «izur»... Liburuan denak agertzen dira. Hainbeste funtsezko hitz dira oinarri hori dutenak; beraz, ez da posible kointzidentzia hutsa izatea. Hipotesi gisa «iz» onomatopeia hartuz gero, dena agertzen da horrekin, puzzle baten gisa. Euskal aditza bezala, euskara ere puzzle bat da.
Hizkuntzaren jatorria azaltzeko teoria bat sortu zenuen.
Teoria linguistiko bat egiten hasi nintzen eta pixka bat geroago, 15 urteren buruan, ikusi nuen eleberria egiteko aukera. Irakaslea naiz, ez naiz zientifikoa, nahiz eta linguistika asko maite, lehenago artista naiz. Ezin nuen teoria linguistiko bat atera, baina eleberri baten bitartez bai, horrela erakusten delako populu baten lehenbiziko bizia. Gero eleberria osatuz fantasian sartzen da.
Beraz, liburua egiteko eta teoria frogatzeko hizkuntza bat sortu duzu.
Besteek hitz egiten duten hizkuntza asmatu dut. Batez ere euskararekin izan dezakeen lotura frogatzeko hizkuntza asmatu behar da, eta orduan aliziera horren parte bat asmatu dut. Euskararen morfologia segituz hitzak eta esaldiak asmatu ditut. Aditz guztia hizkuntza horretan jarria, aditza funtsezko gauza baita.