Sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Auzolanek estu hartu zuen arren, Abadiñok jantzi du lehenengo txapela
J.L. | DONOSTIA
Azkenean azaldu da Abadiño, eta denboraldiko lehen txapela beraientzat izan da. Launako Txapelketa hau hasi zenean irabazteko faborito nagusiak ziren, baina lehen faseko bi saioetan Auzolan jaun eta jabe izan da, eta atzorako bazeuden zalantza batzuk.
320 kiloko finalean, Abadiño onena izan zen. Egia da, Astigarragakoek baja garrantzitsu bat izan zutela final honetan, eta talde bizkaitarrak estu hartu zituela, baina faboritoek ez dute hutsik egin. Ekinaldi guztiak bereganatu zituzten, banan-banan denak menderatu zituzten, eta amaieran garaipena erdietsi zuten Euskal Herriko finalean.
Auzolan A izan zen bigarren. Lehen fasean denak irabazi dituzte, baina finalean Abadiñorekin ezin izan zuten. Dena dela, lan bikaina egin zuten, eta datozen probetarako ere oso kontuan hartu beharrekoak direla argi eta garbi utzi zuten.
Baionarentzat izan zen hirugarren postua. Lapurtarrek gorantz egin dute, eta finalean oso lan ona egin zuten. Lehen biekin galdu egin zuten, baina beste hiru talde mendean hartu ahal izan zituzten. Laugarren postuan berdinduta geratu ziren Sokarri eta Abadiño A. Aurreko hirurekin galdu egin zuten, Auzolan B taldeari irabazi zioten, eta berdinduta geratu ziren. Auzolan izan zen azkena ekinaldiko saio guztiak galduta.