GARA > Idatzia > > Kultura

Arkaitz Estiballesek etxeratu du Markinan lehian zegoen finalerako txartela

Arkaitz Estiballes Bizkaiko Txapelketako finalista da. Markinako finalaurrekoan lehen postua lortu eta abenduaren 20rako BECen aulki bat beretzat gorde zuen. Oholtza gaineko zortzi aulkietako bat, noski. Onintza Enbeita izan zen bigarren, 514 punturekin. Finaleko taularako eskaileratan egon beharko du zain, azken finalaurrekoan zer gertatuko.

p048_f01_199x108.jpg

Amagoia MUJIKA | MARKINA-XEMEIN

Kanpoan hotz eta barruan ere fresko samar. Behintzat, hamarreko txikiko ariketa iritsi arte. Bertsozalez lepo betetako frontoia -900 lagun bildu ziren- berotzea kostatu egin zitzaien bertsolariei. Zortziko nagusiko eta txikiko ariketa gehienak besterik gabe bezala pasatu ziren. Inor ez zen erori baina inork ez zuen saltorik eman gorantza. Horregatik edo, bertsozaleak asko eskertu zuen hamarreko txikian Jabier Olibaresek eta Arkaitz Estiballesek jositako ariketa.

Aita-semeen paperean kantatu zuten eta Estiballesek oso ondo bete zuen semearen ezkontzan «kontentu samar» zebilen aitaren papera. «Patxarana batean, whiskia bestean/ nahiz ta jakin ebala beretzat kaltean/ jantzan hasi ta jausi ein da bapatean/ zu geldi komunean, neu nago atean/ ta hor egongo zara pasatu artean», hasi zen Olibares. Eta Estiballesek, kolpea erantzunean. «Ondo bazkaldu eta gero dantzatzera/ neska gazte danekin aurrera atzera/ benetan sentitu naiz gazteen antzera/ jo ze ideia ona, orain komunera/ hona ekarri al nauzu fila bat sartzera». Eta ariketak oso goitik jarraitu zuen. «Amak alde egin badau zein da arrazoia/ zure andreak ere egin dit txupoia/ dantzatu dut tangoa eta regetoia/ biba la rusia eta aurrera kanboia/ erreuma pasatu zait hau da hau sasoia», Estiballesen bigarrena.

Juxtu kartzelako lana hasi aurreko ariketa izan zen aipatutakoa eta, nonbait, giroa berotu ez ezik, bertsolariak ere berotu zituen. Izan ere, ondotik etorri ziren hiru kartzelako lanak oso txukunak izan ziren, eta beren artean oso desberdinak. Kartzelakoan, lehendabizi, bi punturi erantzun behar izan zioten. Bertsolari denek asmatu zuten gutxienez erantzun batean.

Ondoren, bakarka hiru bertso josteko gaia hauxe zuten: «Etxean zaudela, katalejuak hartu eta inguruko etxeei begira jarri zara. Lehen solairua, bigarrena, hirugarrenean geratu zara».

Onintza Enbeita izan zen lehena. Puntuei txukun erantzun zien eta gaiari helduleku polita topatu zion. «Enekianez arratsaldean nik denpora zetan pasau/ lehen pentsatu dot auzokideak zergaitik ez errepasau/ lehenengoan ta bigarrenean jubilau eta enparau/ telebistari begira danak hemen eztago zer kontau/ baina hirugarren pisuan kontuz ta adi dot erreparau/ telebilbaoko pornoa baino askosaz be hobea da hau», hasi zen lehenengoan. Txukun aritu zen kartzelakoan Enbeita, oso aise. Aurretik, hamarreko txikian poto bat egina zuen.

Kartzelan bigarrena Miren Amuriza izan zen. Taldeko gazteenak arratsalde oso erregularra josi zuen, oso seguru eta ondo aritu zen. Eta, kartzelakoa, oso polita. Lehena, hauxe: «Argi moteldun leiho horretan jatez begiak iltzatu/ atzo gabaz be euren oihuek niñuelako itzartu/ basapiztia hasarre jako andrazkoari oldartu/ horren antzera ibiltzen dira hainbeste malapartatu/ bihotza gora etorri jate kontua gaizki joaku/ barriro ere jo egin dau ta oingotan ez da altxatu».

Kartzelatik ateratzen hirugarrena Joseba Artza izan zen. Hiru bertsolari eta gai berdinari eusteko hiru modu. Hauxe, Artzaren hirugarrena. «Ta bosgarren solairuak ze gatz ta ze pipermin/ berak aszensorik gabe haraino igo ezin/ esan dudana holan da nik ondo dakit jakin/ bertan bizi da Joxepa larogei urterekin/ bizitzari atera nahiz neuk adina etekin/ niri begira ari da kataleju batekin». Artzak hirugarren solairuan beharrean bosgarrenean gelditu zuen katalejua, akats txiki bat eginaz. Baina hiru ale sinpatiko utzi zituen.

Olibaresek indarkeria matxistaren ikuspegitik josi zuen kartzelakoa. Bigarrenean poto egin eta trabatu egin zen eta kartzelakoa ez zen izan arratsaldean utzi zuen ariketa onena. Saioa oso modu erregularrean hasi zuen Olibaresek baina ez zuen asmatu bukaeran biribiltzen. Eneko Abasolok bere emaztea ikusi zuen pareko bizilagunarekin sexu jolasean katalejutik begiratu zuenean. «...baina ikusi dodana orain ezin dut sinistu ezin/ lehen andreak `lanera noa' esan dit goxo pinpirin/ beste batekin bazebilela aurretik nekien jakin/ baina ze kristo ariko ote da aurreko tipo horrekin», bota zuen lehena.

Kartzelan azkena Estiballes izan zen. Lehen bi bertsoetan zelatan zebilen pertsonaia marraztu zuen, baina erabat biribildu gabe. Hirugarrenean argitu zuen zelatariaren nortasuna. «Alboko gelan ustekabean piztu dira bonbilla bi/ eta mutil bat gehitu zaio orain lehengo neska taldeari/ erreparatu diot lau aldiz utzi duen perillari/ ta bai bera da, bai, bai, Arkaitz da talde hontako gidari/ telefonora hurbildu eta deitu diot kaboari/ eta ze pozik egongo diren makina bat agintari/ kioskoetan izango dira bihar titular ugari/ beste kolpe bat eman diote Bizkaia komandoari». Azkenean berarentzat izan zen BECerako txartela.

PUNTUAZIOA

Arkaitz Estiballes (537,5), Onintza Enbeita (514), Miren Amuriza (505), Joseba Artza (493), Eneko Abasolo (480), Jabier Olibares (461). Oraingoz, Iratxe Ibarra eta Arkaitz Estiballes dira finalista seguruak. Fredi Paiak ( 524,5) eta Onintza Enbeitak (514) azken finalaurrekoaren zain egon beharko dute. Saioa Getxon izango da abenduaren 7an, eta bertan, honakoak: Xabier Paya, Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Eñaut Intxaurraga eta Gorka Ostolaza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo